Eneko Olasagastik eta David Berraondok idatzi eta zuzendutako filmaren emanaldi berezia hartuko du gaur, urtarrilak 13, Irungo Amaia Kultur Zentroak. Musika talde donostiar mitikoaren memoria berreskuratzea eta garrantzia aldarrikatzea duen proiektua DokIrun zinema dokumentalari eskainitako programa ireki eta heterogeneoaren baitan eskainiko dute.
1940an jaio zen Los Xey taldea, Donostian, eta 1961ean desegin. Arrakastatsua izan zuen ibilbidea, eta mundu osoan barrena eskaini zituzten emanaldiak: Euskal Herrian zein Espainian, baina batez ere, Ipar zein Hego Ameriketan: Argentinan, Uruguain, Txilen, Perun, Mexikon, Puerto Ricon eta Kuban, batik bat. Berehala bilakatu ziren izar, eta hainbat filmetan parte hartu zuten; Broadwayn ere izan zuten haien berri.
Bada, agertokiak utzi eta 60 urte geroago, Los Xey taldearen memoria berreskuratzeko eta garrantzia aldarrikatzeko filma sortu dute Eneko Olasagastik eta David Berraondok: Los Xey. Una historia de película. Taldekideen senideak, musika adituak eta egungo Golden Apple Quartet taldeko partaideak elkarrizketatuz, omenaldia egitea izan dute helburu.
Filma Valladolideko Seminci zinema jaialdian lehiatu zen iragan urrian, eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izan zuen aurrestreinaldia. Bada, gaur, urtarrilak 13, Irungo Amaia Kultur Zentroan egongo da ikusgai, 19:00etan, DokIrun zinema dokumentalari eskainitako programa ireki eta heterogeneoaren baitan.
Film hibrido eta esperimentalak
Zinema areto komertzialetan tokirik ez duten ekoizpen garaikiak programatzen dituen zikloa da DokIrun, film hibrido zein esperimentalez osatutako, eta “ahal den deurrian, Irungo hiriarekin nolabaiteko lotura duten filmak” bilatzen dituena. Los Xey. Una historia de película lanak emango dio hasiera aurtengo ekitaldiari, eta datozen hilabeteetan ere jarraipena izango du:
- Otsailaren 2an: Amazing Grace (Alan Elliott eta Sydney Pollack, 2018)
- Martxoaren 10ean: Fadia’s Tree (Sarah Beddington, 2021)
- Martxoaren 31n: Fire Of Love (Sara Dosa, 2022)
- Maiatzaren 12an: Iñigo Salaberriaren omenez atondutako film laburren emanaldia
Saio bakoitzaren aurretik filma aurkezteko tartea hartuko dute, eta ostean, mahai-ingurua egongo da, protagonsita edota adituen parte hartzearekin.
Sarrerak online lor daitezke.