Bi edizio korapilatsuren ostean, normaltasunera itzuli da Urrezko Globoen ekitaldia, hala esaterik badago. Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkarteak bart banatu ditu 2023ko zinema eta telesailen alorreko garaikurrak, eta zaharrak berri, betikoak nagusi.
Iaz West Side Story-rekin eskuratu zituen hiru sariak errepikatzea lortu ez badu ere, Steven Spielberg izan da, enegarrenez, garaile 80. Urrezko Globoen galan. Haurtzarora begira sortu duen The Fabelmans proiektua drama generoko film onena izendatu dute, besteak beste, esku hutsik geratu diren Top Gun Maverick (Joseph Kosinski) eta Avatar: The Way of Water (James Cameron) lanei aurre hartuz. Gainera, Spielberg bera izan da zuzendari onena. Jasotako errekonozimenduekin Oscar sarietarako faborito bilakatu da The Fabelmans, eta Euskal Herriko zinema aretoetan datozen asteetan egongo da ikusgai.
Elvis Presley abeslari iparramerikarra eta Rock and Roll musikaren erregea izandakoa haragitu duen Austin Butler aukeratu dute gizonezko aktore onena (Elvis, Baz Luhrmann), eta Veneziako Mostran gertatu legez, Cate Blanchet izan da emakumezko aktore onena (TÁR, Todd Field).
Gidoi onenaren saria The Banshees of Inisherin (Martin McDonagh) lanarentzat izan da, eta berau, hain zuzen ere, erabaki dute komedia edota film musikalei eskainitako ataleko pelikula onena. Bertan protagonista den Colin Farrell ere goraipatu du Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkarteak. Aldiz, Michelle Yeoh-k jaso du sail honetako emakume aktore onenaren errekonozimendua (Everything Everywhere All at Once, Dan Kwan eta Daniel Scheinert).
Animaziozko eta ingelesaz besteko filmen kategorietan, sorpresarik ez. Guillermo del Toro’s Pinocchio (Guillermo del Toro) eta Argentina, 1985 (Santiago Mitre) gailendu dira, hurrenez hurren.
Telebista alorreko sariei dagokienez, House of the Dragon izan da drama generoko telesail onena, eta Abbott Elementary, komedia edo musikal atalekoa. Telesail laburren kategorian, The White Lotus nabarmendu dute.
Alfonbra gorrira itzulera
Epaimahaiak osatzerako orduan ezagun egin diren desoreka eta jokamolde ez-etikoek piztu zuten sua 2021eko otsailean, eta sariketa bertan behera uztear izan ziren iaz, eta polemikak polemika, boto-emaileen zerrenda goitik behera birmoldatzea lortu dute aurten. Hala, 96 kazetarik, eta aurrenekoz, nazioarteko zinema industriako 103 profesionalek osatu dute epaimahaia. Urrezko Globoen arduradunek zehaztu dutenez, gainera, bozkatzaileen % 51,8 AEBetako arraza-talde gutxiagotuetako kideak izan dira.
Beverly Hillseko Beverly Hilton Hotelean ospatu da 80. edizioa, nahiz eta hitzordu borobilari erreferentziarik apenaz egin dioten. 2022ko sariketa birtuala ahaztearekin nahikoa izan dute -Twitter bidez jakinarazi zuten irabazleen zerrenda, komunikabiderik eta alfonbra gorririk gabeko gala xume batean-, eta arreta guztia Jerrod Carmichael galaren gidariak bereganatu du, inoiz izan duten lehen aurkezle afroamerikarra izan baita komediantea: “Hemen nago beltza naizelako”, esanez abiatu du gala.
Ukrainako inbasioak ere izan du tokirik, Volodymyr Zelensky presidenteak bideo bidez mezua bidaltzeko gonbidatu baitute: “Lehenengo Mundu Gerrak milioika hildako utzi zituen, Bigarren Mundu Gerrak, aldiz, are gehiago… ez da hirugarrenik egongo. Hau ez da trilogia bat”.
Ezagutu 80. Urrezko Globoen ekitaldiko irabazleen zerrenda osoa, jarraian.