Unai Aranzadi Independent Docs ekoiztetxearen sortzaile eta zuzendariak ondutako A costa dos Lançados dokumentalaren aurrestrenaldia hartuko du larunbatean, urtarrilaren 14an, Getxoko Muxikebarri Zentroak. 19:00etan abiatuko dute aurkezpena, zuzendaria beraren parte-hartzearekin.
Getxoko Udalaren babesari esker, UN Etxeak -UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak- sustatutako lan honek migrazio mugimenduei eta orainari buruzko paradoxa bat erakusten du. Han zuzen, XV. mendean Afrika mendebaldeko kostaldera babes bila joandako lehen europarren historia mahaigaineratuko du: Munduko pariatzat hartuta, gehienak judu jatorrikoak, lançatu egin ziren ezagun -ibaian gora jaurtiak zirelako-. Bizitza bilatzeko edota, garai hartan Portugalgo erresuma lurraldean egiten ari zen harreman eta operazio komertzialak baliatzeko abiatu ziren gehienak, baina askok pertsonen bizitzekin trafikatzen bukatu zuten. Biktima izatetik biktimario izatera, alegia.
Kontrako norantzan ematen da gaur egun migrazio bidea, lançatuak beste batzuk dira orain, baina pariatzat hartzen dira ere. Bada, premisa horretatik abiatutako hainbat jai jorratu ditu Unai Aranzadik pieza dokumental honetan: kolonialismoa, esklabotza, Giza Eskubideak, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman gorabeheratsuak, ustelkeria, migrazio krisiaren jatorria.
2021eko udazkenean burutu zituen Aranzadik errodaje lanak. Sei astez, 2.000km -tik gora egin zituen, Ginea Bisau, Gambia eta Senegaldik barrena, migrazio-auziaren iturburua beste begira batetik erretratatu asmotan. Bada, elementu historikoak, politikoak eta baita bidaiakoak nahastuko dituen road-movie kontakizuna da dokumentala. “Asmoa ez da alderdi humanitarioa erakusteko istorio bat izatea bakarrik, historia ezagutaraztea, sentsibilizatzea eta errealitatea aldatzeko gauzak egin daitezkeela iradokitzea baino”, nabarmendu du egileak.
Urteetako lanaren ostean, heldu zaio filma publiko aurrean aurkezteko tenorea. Larunbat honetan, urtarrilaren 14an, jarri dute hitzordua, 19:00etan Getxoko Muxikebarri Zentroan. Zuzendariak berak parte-hartuko du aurkezpenean.
Unai Aranzadiren asmoa A costa dos Lançados jaialdi desberdinetan aurkeztu eta banatzea da datozen hilabeteetan, eta behin ibilbide hori jorratuta, publikoari eskaini nahi lioke filma online ikusteko aukera eskainiz.