Jaiotzetik inkorrektoak izan garenok, Addams family-ko Wednesday pertsonaiari dedikatutako telesail bat egiten ari zirela jakin genuenean, ikusteko must baten aurrean geunden halabeharrez; hori gutxi balitz, Tim Burtonek lehen lau atalak zuzenduko zituela zabaldu zen eta, gainera, Netflixek telesaila euskarazko azpitituluekin estreinatu du.
Nolanahi ere, aitortu behar dut telesailak aho gazi-geza utzi didala; zeren Wednesday telesailaren (nahiz pertsonaiaren) onena lau atal horietan baino ez dago, eta tontorra du Jenna Ortega zoragarriak The Cramps-en Goo Goo Muck dantzatzen dueneko sekuentzian, sare sozialetako fenomeno bilakatu dena; handik aurrera, Kevin Spaceyk American Beautyn esango lukeen moduan, den-dena doa beheraka.
Izan ere, castingean asmatu egin dutela esan behar bada ere, gidoilarietan ez hainbeste; hala, azken lau kapituluetan —bilbe trakets, txotxolo bati amaiera emateko-edo— noren eta Wednesdayren berezko ezaugarriak aldatzen hasiko dira (!) eta gure neskatoak, apurka-apurka, utzi egingo dio (hain) okerretako paela izateari.
Ez dakit zuoi, baina niri iruditzen zait Addamstarrek estonatuta (eta suminduta!) ikusiko luketela halako bilakaera bat, eta begitantzen zait gidoilariek (nahiz ekoizleek) ez dutela ezertxo ere ulertu: zeren, Nat Perrin-ek (The Adams Family jatorrizko telesailaren ekoizlea, Groucho Marxen lagunmina eta Marx anaien hainbat filmen idazlea, besteak beste) pertsonaia hauek irudikatu zituenean ez zituen horretarako sortu; alegia, ez zituen egin kontakizun bihurritu korapilatsuetako protagonistak izateko, baizik eta ongia eta —batez ere— gaizkia argi eta garbi zeuden mundu batean bizitzeko.
Dagoeneko bigarren denboraldiaz berba egiten hasi den honetan, galdera bat etortzen zait: ez ote litzateke askoz erakargarriagoa gidoilariek Wednesday pertsonaia bakean utzi eta istorio interesgarriak —ez, nahitaez, denboraldi osokoak— asmatzeari ekingo baliote? Marx anaien film, liburu eta telesaioetan badute zer ikasi.
Amaitzeko, aipamen berezi-berezia zor diegu Pantailak Euskaraz-ko lagunei abiatu dituzten ekimenengatik. Haiei eskerrak, besteak beste, orain badakigu zer non ikusi ahal dugun euskaraz.