Eman diogu dagoeneko ongietorria urte berriari, eta ohi bezala, kulturaz gozatzeko aukera izango da, etenik gabe, hirian. Izan ere, Donostia Kulturak eman du jakitera datozen asteotarako jardueren egitaraua. Musika kontzertuak, antzerki obrak, erakusketak… izango dira, eta zinema eskaintzak jarraipena izango du ere.
Urteroko martxari helduz, abendura bitartean Nosferatu zikloa gauzatuko da Tabakalerako zinema aretoan. Donostia Kulturak, Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak antolatuta, Frantziako polarrari (zinema beltzari) eskainitako film sorta pantailaratuko dute, Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen lankidetzan atonduta.
Bada, Louis Feuilladek zuzendutako Fantômas: À l’ombre de la guillotine (1913) lanak eta Dimitri Kirsanofferen Ménilmontant (1926) kultuzko film ertainak abiatuko dute, urtarrilaren 18an zikloa, eta La Chienne (Jean Renoir, 1931) emango dute hilaren 25ean.
Hiriko kultur etxeetan ere, ez da zinema faltako. Jarraian egitaraua:
- Egia K.E.-n, urtarrilaren 11n: The Angel’s Share (Ken Loach, 2012) | Egia Bizirik eta Baketik elkarteekin elkarlanean antolatuta
- Aiete K.E.-n, urtarrilaren 13an: Marty (Delbert Mann, 1955) | Lantxabe Auzotarren Elkartearekin elkarlanean antolatuta
- Okendo K.E.-n, urtarrilaren 13an: Neuba (Johannes Maria Schmiy, 2020) | Lorelei Elkartearekin elkarlanean antolatuta, Goëthe Institut-en laguntzarekin
- Tomasene K.E.-n, urtarrilaren 23an: Toc Toc (Vicente Villanueva, 2017) | Plus 55-ekin elkarlanean antolatuta
- Imanol Larzabal (Lugaritz) K.E.-n, urtarrilaren 24an: The Sting (George Roy Hill, 1973) | Plus 55-ekin elkarlanean antolatuta
- Okendo K.E.-n, urtarrilaren 27an: De Nos Frères Blessés (Hélicer Cistene, 2020) | Institut Français eta Alliance Française-ekin elkarlanean antolatuta
Urte hasierarekin batera, 15. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinema jaialdiko lan onenak erakustea helburu duen zirkuitu ibiltariak geldialdia izango du Donostian. Hiru hitzordu atondu ditu Mendi Tourrak, Antzoki Zaharrean, urtarrilean bakarra (hilaren 31n).
Azkenik, haurrei zuzendutako hainbat film eskainiko dituzte datozen egunetan. Hilaren 14an, Pokemon: Pikachu detektibea (Rob Letterman, 2019) euskarara ekarria ikusi ahalko dute etxeko txikienek, Aiete K.E.-n, eta hilaren 28an, aldiz, Padre no hay más que uno 2: La llegada de la suegra (Santiago Segura, 2020) komedia espainiarra.
Ezagutu urtarrileko egitarau osoa, jarraian.