Zuzendaria: Hong Sang-soo
Urtea: 2022
Herrialdea: Hego Korea

 

-Beti pelikula berdina?-

Hong Sang-soo-ren pelikula ikustera doanak badaki zer aurkituko duen: kontatzen zaiguna film soila izango da, bertan elkarrizketak muturreraino garrantzia izango du, eta egoera itxuraz hutsaletatik irakurketa existentzialisten eremura gerturatuko gara, ziur asko. Baina formari dagokionean ere zalantza gutxi izango dugu planteatuko den pelikularen inguruan. Are gehiago, itsu-itsuan zinema aretora sartuko bagina eta zuzendari korearraren pelikula balego, laster atzemango genuke Hong Sang-soo zigilua: elkarrizketa lasaiak dira, normalean sekuentzia planoan edo mozketa gutxirekin planteatzen direnak, kasik eremua koadro bat bailitzan zainduta dago bere konposizioan eta kamera mugimenduak eskasak dira, soilik zoom optiko sotil baina oso nabarmenak (oso gutxitan erabili ohi baita egungo zinemaren panoraman) baliatzen baititu. Horri gehitu behar zaio egun dagoen zuzendari emankorrenetarikoa dela, bai kantitatean (2020tik 5 pelikula egin ditu!) eta baita kalitate eta onarpen mailan ere (bere filmak munduko jaialdi handienetan egon ohi dira eta urrutira joan gabe hizpide dugun pelikula honek Berlinen zilarrezko hartza irabazi zuen). Hala, mintza gintezke “beti pelikula berdina” egiten duen zuzendariaz, bere moldea horren doituta duena inolako esfortzu gabe erreplikak egiteko gaitasuna garatu duen egileaz… bada, bai eta ez. Pelikula denak, nolabait, koordenada berdineko unibertsoan gertatzen badira ere, honek etxean senti gaitezen ahalbidetuko digu, eta eroso gaudela, zabaltzen diren ate berriek, berez eraldaketa txikiak planteatzen badituzte ere, bilakaeraren eta errebelazioaren kutsua izango dute gugan.

La novelista y su película honek idazle baten eguna kontatuko digu (eta azken pasartean, elipsi bortitz baten ondorengo beste egun bat), Junhee (Lee Hye-yeong), Seul-etik urruti bizi den aspaldiko lagun bati bisita egingo dio hasiera batean, eta ondoren kateatuko zaizkion zorizko topaketek eratuko dute, toki berdinera itzularaziko gaituen zirkuluaren eskemari jarraiki, filmaren bizkarrezurra. Ez zaigu era irmoz hala adieraziko, baina sortze blokeo batetan dagoenaren sentsazioa dugu. Oro har, lau topaketa dira ikusiko ditugunak (liburu saltzailea – zinema zuzendaria – aktoresa – poeta eskema egin liteke azkar batean), pertsonaiak ez dira hamarrera iritsiko eta erabiltzen diren planoak ez dut uste 100 baino askoz gehiago direnik. Berez pelikula eratzeko gailuak, bai dramatikoak bai teknikoak ere, urriak dira, baina Sang-soo-k maisuki baliatzen ditu pertsonaia, egoera eta eszenatoki bakoitzari zuku sinestezina ateraz. Hastapeneko liburu-denda, esaterako, apenas ikusiko dugu, bertan gertatzen diren eszenak atariko eserlekuan edo barnean dagoen mahaian gertatuko dira, denda bera (literaturaren eremu hori, era adierazkorrean) eremuz kanpo geratuz. Aipaturikoari helduta, barne eta kanpoaren arteko tentsio bisual apartekoa sortzen da, eta zentzu horretan ezinbestekoa da azpimarratzea filmaren zuri eta beltz liluragarria, saturazio handiarekin eta barnealdeko planoetako kristalen argitasuna erabat erraz. Eta oro har, plano orokorraren aldeko hautuak etekin mamitsuak dakartza, ikusleak bere begirada non jarri aukera dezakeelako, esaterako eremu sakonerarekin jolas egiten denean (tabernako elkarrizketan neska txiki bat kristalaren bestaldetik hizketan ari diren bi neskak behatzen ari da) edo eremua pertsonaiaz beteta dagoelako (dendako mahaian bost pertsona eserita, bakoitzaren aurpegiak egoera desberdina iradokitzen duela).

Eta pelikularen bihotzean, istorio pertsonal horretatik harago, literatura eta zinearen arteko tentsio hori azalduko zaigu. Literatura munduko pertsonaia horren sortze-izoztea gainditzeko laburmetraia egiteko xede irmoa izango du, nolabait ikusten dugun pelikula hau beste pelikula bateko haziaren landatzea dela esan genezake. Hausnarketak oso ugariak dira hizketaldien artean, Sang Soo-k artea ulertzeko duen ikuskera argi plazaratzen dutenak. Adibidez:

  • Baina zeri buruzko pelikula izango da?
  • Bada, ez da hori horren garrantzitsua…

Zer kontatu, film normatiboenen galdera primigenioa ez da funtsezkoa Junhee-rentzat, eta bere alter ego izan litekeen Hong Sang Soo-rentzat ere ez. Literatura-emakume honen zinemarako saltoa ikusiko dugu, azken pasarteetan, hego korearraren pelikuletan sarri ematen den bezala, zinema areto baten inguruan gertatzen den itxiera pasartean. Kolorea sartuko da, eta perfekzio teknikoaren truk irudi fresko eta biziak ikusiko ditugu pantaila barneko pantaila (pelikula barneko pelikula) horretan. Eta hala, gutxien espero dugunean, planteatuko digu Hong Sang-sook joko bihurri eta metafilmikoa, bere zinearen funtsak berak haragitzen dituena. Beti bezala, tresna soilak baliatuta, climax eta anticlimax-aren, kreditu ondorengo eszenen (nork esan behar zigun Marvel-eko pelikulen eta Hong Sang-sooren filmen arteko zubi analitikoa plantea zitekeela?) eta oro har, pelikulen ixtearen inguruko oinarriak dardarka uzten ditu. Ez, ez da beti pelikula berdina.