Ainarak filmaren emanaldiak eta, hainbat kasutan, Anne Etchegoyen protagonistaren solasaldi zein kontzertu laburrak eskainiko dituzte datozen asteetan. Bost astez zinema-karteldegian eskaini ostean, herriz herri aurkezten ari dira orain dokumentala.

MAFIZetik, Malagako Zinemaldiko industria arlotik, igaro ondoren, zinema areto komertzialetan estreinatu zuten, iragan azaroaren 25ean, AINARAK dokumentala. Anne Etchegoyen abeslariaren eskutik, 1870 eta 1940 artean, Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek –ainarak izenez ezagutzen ditugunak, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako– Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari heldu diote filmaren egileek.

Espartinen industrian lan egitera joaten ziren eta udaberrian etxera itzuli, familiari laguntzeko edo bere familia osatu eta bizitza berri bat hasteko helburuarekin. Denboran, geografian eta zirkunstantzia historiko eta pertsonaletan zehar egindako bidaia da, artxibo, dokumentu, argazki eta elkarrizketen bidez, eta Annek haien bide bera egingo du filmean zehar.

Dokumentalaren bidez, merezi duten lekua eman nahi diete emakume horiei. Hain zuzen ere, arrazoi horrengatik hautatu dute azaroaren 25a dokumentalaren estreinaldirako data gisa: Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna baita. Etchegoyenek beti azaldu du kausa horrekiko konpromiso argia, besteak beste, hainbat sentsibilizazio-kanpainatan parte-hartuz. Halaber, filmak genero gai bat jorratzen du: emakume gazteen migrazio masibo eta estazionala, lan-arrazoiengatik emandakoa.

Bada, estreinaldi egunetik bertatik, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta espainiar lurraldeko hainbat txokotan emanaldiak izan ditu dokumentalak. Bost aste eman ditu Hego Euskal Herriko zinema-aretoetako karteldegietan, eta herriz herriko aurkezpen bira hasteko tenorea heldu zaio orain proiektuari. Iragarri dituzte jada 2023ko lehen asteetan egingo dituzten emanaldi horietako batzuk:

  • Urtarrilak 19, AMOREBIETA.
  • Urtarrilak 22: ORIO. Anne Etchegoyenek aurkeztuko du saioa
  • Urtarrilak 24, ARRASATE.
  • Urtarrilak 25, HERNANI.
  • Urtarrilak 26, AMASA – VILLABONA.

Dokumentalari buruz

2020ko urritik 2021eko ekainera, kontatu nahi zuten historiaren ezaugarri estazionalak errespetatuz, errodatu zuten filma Nafarroan, Aragoin eta Zuberoako hamaika txoko ikusgarritan: Erronkari, Ansó eta Hecho haranak; Cinco Villas eskualdea; Santa Grazi, Maule-Lextarre, Donapaleu, Bidankoze, Burgi, Erronkari, Izaba, Urzainki, Ezkaroze, Otsagabia, Jaurrieta, Luesia, Juslibol, Zaragoza eta Iruñea.

Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren –Apaiz Kartzela– zuzendaritzapean, eta Marga Gutierrezen gidoiarekin, Anne Etchegoyen da AINARAK filmaren gidari eta protagonista, eta baita jatorrizko musikaren egilea ere. Quim Torrens aritu da argazki-zuzendaria lanetan. Era berean, Ritxi Lizartza eta Rosa García izan dira ekoizle- eragileak.

Maluta* Films eta 601 Producciones taldeen ekoizpena da. Espainieraz, euskaraz, frantsesez eta Aragoieraz filmatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EiTBk parte hartu dute. Filmak 85 minutuko iraupena du.