Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimeneko 10 edizioetan irabazle izan diren film labur guztiak eskainiko dituzte, gaur, 19:30ean, Nafarroako Filmategiko egoitzan.
Lurraldeko zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eusteko asmoz, Nafarroako Filmotekak saio berezia atondu du 2022 urtea bukatzeko. Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean sustatutako programaren 10. urteurrena borobilduko dute, edizio guztietan garaile izan diren film laburrak pantailaratuz.
Nafarroako beste horrenbeste leku turistikotan kokatutako fikziozko film laburren ekoizpena sustatzea eta lurraldean turismoa bultzatzea du helburu Nafarroa Zinemaren Lurraldea ekimenak, eta urtero-urtero 10 finalistek osatzen dute zerrenda. Bada, horien artean aukeratzen da edizio bakoitzeko irabazlea, eta gaur, 19:30ean, erakundeko zinema aretoan egongo dira denak ikusgai.
Jarraian, pantailaratuko dituzten film laburrak:
- Caminante (Joaquin Calderon, 2013)
- Un paseo en la familia (David Bernués, 2015)
- Algunas aves vuelas solas (Andrea Jaurrieta, 2015)
- Ya no quedan domingos (Sergi Gonzalez, 2016)
- El miserere (Angel M. Chivite, 2017)
- La herencia (Natalia Valvatierra, 2018)
- El último pensionista (J. Julio Garcia, 2019)
- Haizea (Juanjo Clausell, 2020)
- Txori maitea (Javier Celay, 2021)
- Rutina (Roberto López Carneiro, 2022)
Aurretik, 17:30ean, Contrabando y Evasión en el pirineo navarro (Eugenio Monesma, 2022) dokumentala pantailaratuko dute. Sortzaileak Nafarroako Pirinioetako kontrabandista batzuen benetako istorioak eta testigantzak bildu ditu bertan.