Espainiar Estatuko Kultura eta Kirol Ministerioak 2022ko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina eman dio Karra Elejalde aktore gasteiztarrari.

Argazkia: ULISES PROUST | Zinemaldia
Ministroen Kontseiluak, Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak proposatuta, 2022ko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Dominak ematea onartu du astearte honetan. Hain zuzen, aintzatespena jasoko duten 33 izendatuen artean dago Karra Elejalde arabarra.
Carlos ‘Karra’ aktore, gidoigile eta umorista gasteiztarra da. Azken urteetako lanek ekarri dute lehen lerrora, ibilbide luzea egina duen arren: Lehen filma 1987an iritsi zitzaion (A los cuatro vientos), eta parte-hartze nabariak egin zituen ondoren (Vacas, Airbag eta La ardilla roja filmetan, besteak beste). Urte batzuetako beheraldiaren ondoren, También la lluvia (2010) eta Ocho apellidos vascos (2014) zein Ocho apellidos catalanes (2015) lanetan betetako lanei esker itzuli zen lehen lerrora. Ondoren iritsi ziren film gogoangarrienak: 100 metros (2016), Los últimos de Filipinas (2016), La Higera de los Bastardos (2017), Mientras dure la guerra (2019), Bajocero (2021), Vasil (2022), Llegaron de noche (2022).
Eta baita sariak zein hautagaitzak ere bai: Aktore onenaren saria SEMINCI Jaialdian (2022), Taldeko aktore onenaren Goya saria (2010, 2014); Idazle Zinematografikoen Zirkuluaren domina (2010, 2014), Aktore onenaren Goya sarirako hautagai (2017, 2019), Feroz sariketako aktore onenaren sarirako hautagai (2015, 2019, 2020, 2022), Forqué sariketako aktore onenaren sarirako hautagai (2014, 2020). Halaber, Euskal Aktoreen Batasunak bi aldiz saritu du, 1995ean eta 2021ean.