Mirande: film bat egiteko zirriborroa izena izango du dokumentalak. Tentazioa eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeen babesa du proiektuak.

Mirande-Josu martinez-zinea

Argazkia: JOSU MARTINEZ

Aurki beteko dira 50 urte Jon Mirande Aipharsoro euskal idazlearen gorpua hilik aurkitu zutela, urtarrilaren 4an, hain zuzen ere. Bada, Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea Mirande: film bat egiteko zirriborroa dokumentala prestatzen ari dela ezagutu dugu, Parisen jaio eta hil zen egile eta pentsalariari buruzkoa. BERRIA egunkariari aitortu bezala, pertsonaia konplexuak gustuko ditu Martinezek, eta Mirande da horietako bat.

Bukatzear den ikus-entzunezko obrak ikerketa bat ardatzean duela adierazi du sortzaile bilbotarrak, eta hitza berari propio emango diola aurreratu du. Hala azaldu dio egunkariari: “Denek hitz egiten dute Miranderi buruz, baina pelikulak proposatzen duena da Miranderi berari ematea hitza, berak hitz egin dezala bere biziaz eta bere obraz”. Idazlea gertutik ezagutu duten zenbait lagun ere agertuko direla gaineratu du, baita inoiz erakutsi gabeko materiala erakutsiko duela ere. Proiektuaren atzean Tentazioa eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak daude.

Kontraesanez betetako figura izan zen Mirande, zinemagilearen iritziz, “garaiz eta lekuz kanpo zegoen norbait”. Euskal literatura modernoaren ezinbestekotzat dute askok, baina bere testuetan jorratzen zituen gaiak -pederastia, erotismoa, nazismoa etab.- ez ziren denen gustuko. Xuberotarrak zituen gurasoak, lan bila Frantziako hiriburura joandakoak, eta bertan hezi zen. Gaztea zela piztu zitzaion hizkuntzekiko interesa, eta Euskal Herria zuen bereziki gogoko. Euskal kulturarekin harreman estua izan zuen -Koldo Mitxelenarekin, Arantzazuko Biltzarrarekin, Egan aldizkariarekin etab-, eta bere sorkuntza literarioa, batez ere, poesiarekin eta itzulpengintzarekin lotu daiteke.