2022a bukatzearekin batera, Gernikako Zineklubak elkartea sortu zeneko 40. urteurrenaren ospakizunei ere agur esango die, egunotan. Gaur eta bihar, film bana pantailaratuko dute, 20:00etan, Elai Alai aretoan: Mi país imaginario (Patricio Guzman, 2022) eta Utama (Alejandro Loayza Grisi, 2022).
Otsailean abiatu zuen Gernikako Zineklubak abendura bitarteko egitarau zinez berezia, eta ohiko zinema proposamenaz gain -zirkuitu komertzialetatik at dauden filmen eskaintza-, zinema klasikoa izan dute ardatz. Noir generoari, gorazarre eginez, Otto Preminger, Orson Welles, Carol Reed eta Fritz Langen lanak pantailaratu dituzte, besteak beste. Pedro Olea zinemagile bilbotarrak ere izan du bere tokitxoa, hura omentzeko tartea ere hartu baitu zineklubak.
Bada, hilabeteak pasa ahala, urteurrenaren data gerturatu eta lau hamarkadetan zehar egindako ibilbidea gogoratzeko propio sortutako dokumentala iragarri zuten, abenduaren 16an estreinatutakoa: Gure bizitzaren filmeak (Pedro Durana eta Ionut Amenaru, 2022). Datozen egunotan, aldiz, Gernikako Kultur Etxearen laguntzaz, sasoiko azken bi filmak pantailaratuko dituzte.
Txileko Santiago hirian 2019an eztanda egindako protesten harira sortutako Mi país imaginario (Patricio Guzman, 2022) dokumentala egongo da ikusgai, gaur. Demokrazia aldarrikatuz, herritarrak kalera nola irten ziren kontatuko du zinemagileak bere lan berrienean. Filma 70. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean lehiatu da.
Urteko azken saioak ere, Latinoamerikan kokatuko gaitu, Bolivian hain zuzen ere. Alejandro Loayza Grisik zuzendutako Utama (2022) filmak epaimahaiaren oniritzia jaso du Sundanceko zinema jaialdian, eta pelikula iberoamerikar onena izendatu dute Malagako zinemaldian.: Bolibiako goi-ordokian bizi diren Kitxua etniako bi agurek -Virginio eta Sisa- urteak daramatzate bizimodu berbera jarraitzen. Ohi baino luzeagoa suertatuko den lehorte batek eraginda, bikoteak erabaki bat hartu beharko du: bertan iraun, edo amore eman.
Emanaldiei 20:00etan ekingo diote, Elai Alai aretoan, eta sarrerek 4,5 euro balio dute.