Amat Vallamajor del Pozo zinemagile kataluniarrak zuzendu eta MUXIKA ZINEMA ekoiztetxe donostiarraren babesa duen Misión a Marte filmak Berlingo Kritikarien 9. Astean izango du nazioarteko estreinaldia.

Mision a Marte-zinea

Zientzia fikzioa, drama familiarra eta surrealismoa uztartuko ditu Vallamajor del Pozoren opera primak. Road-movie futurista izango da, eta Hego Euskal Herri post-apokaliptikotan dago girotuta, Martera joan nahi duten bi anai protagonista dituelarik.

Bada, 2023ko otsailaren 15etik 23ra bitartean gauzatuko den Berlingo Kritikarien 9. Astean izango du Misión a Marte filmak nazioarteko estreinaldia, 73. Berlinale zinemaldiaren baitan, eta Midnight Metabolism izenez, hilaren 18an pantailaratuko dute, 20:00etan.

Elias Querejeta Zine Eskolan sorkuntza masterreko ikasle izanik garatu du zinemagileak bere lana, euskal lurraldeetan eta Katalunian  16mm-ko kamerarekin errodatutakoa. Soinu banda, Hertzainak-en musikarekin osatu dute, izan ere, filmean aktore den Gerardo “Gene” del Pozo taldea gasteiztarraren hainbat hitzen sortzailea ere bada, besteak beste,  Misión a Marte-ren bukaeran entzungai izango dugun Ta zer ez da berdin kantarena.

Jarraian filmak kontatuko duena: Txominek, langabezian dagoen euskal arkeologoak, Marte planetako peritu baten enkargua jasoko du. Hala, Gene anaiarekin batera, Eibarretik abiatuko du abentura. Generen osasun ahulak, eta era misteriotsuan agertuko den lanbro toxikoak, bidaia aztoratuko die bi anaiei, eta Mila arrebarenagan jotzea erabakiko dute. Elkarrekin direla, Generen osasunak okerrera egingo du, eta mamu batzuen zein Jesukristoren beraren laguntzarekin, bi anaiek misioa amaitu eta Martera iristea erabakiko dute.

Zinemagile kataluniarrak aitortu bezala, filmaren hastapenetan berak txikitan osaba-izebekin Kataluniatik Eibarrera egindako bidaiak daude, eta oroitzapenetatik abiatuta, “imajinazioari hegan egiten” utzi diola argitu du. Bere opera primaren estetikari buruz, aldiz, desagertzear dagoen belaunaldi zein zinema egiteko moduari eutsi nahi izan diola dio: “Hauxe da, bederen, filmaren gai nagusia, bukaera, heriotza; Generen heriotza belaunaldi oso baten heriotza litzateke. 80ko hamarkadako euskal punk musikaren bukaera da, utopiarena, errebeldiarena. Edo, beharbada, izan liteke azken ekintza errebeldea: bi anaiena arrebaren kontra, misioa buka dezaten”.

Proiektuaren garapena

Txomin del Pozo, Gerardo “Gene” del Pozo, Mila del Pozo eta Manel Vallmajor dira Misón a Marte filmeko aktoreak -ez profesionalak-. Gidoia zinemagileak berak idatzi du, Carles Txorres Bruguerarekin batera, eta Jorge Castrillo zein Alba Bresolí arduratu dira argazki-zuzendaritzaz. Zuzeneko soinua Lucía Amadoren esku egon da, eta beronen edizioa Xanti Salvadorrek egin du. Muntaketa-lanetan, aldiz, Txorres, Bruguera, Shira Hochman eta Michael Wahrmann aritu dira. Azken honek, gainera, filmaren kartela diseinatu du.

Bada, 69. Donostia Zinemaldiko WIP Europan, Entrevues Belfort zinema jaialdi frantziarreko WIP atalean, eta Bartzelonako D’A Film Festivaleko LAB laborategian parte hartu du Vallamajor del Pozoren proiektuak, eta nazioartean hasi da zenbait sari jasotzen. Besteak beste, Novos Cinemas zinema jaialdi galiziarreko Latexos sailean garaile izan da, eta FICX – Xixongo Nazioarteko Zinemaldian aipamen bereziarekin aitortu du Zinema Espainiarraren Epaimahaiak.

Misón a Marte MUXIKA ZINEMA ekoiztetxe donostiarrak ekoiztu du, Elias Querejeta Zine Eskolaren eta Vitrine Filmes-en laguntzarekin. Azken hau, gainera, filmaren banaketaz arduratuko da.