Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Iratxe Fresneda, Ikus-entzunezkoetan doktorea. Aurten, Tetuan bere hirugarren film luzea aurkeztu du Xixongo Zinema Jaialdian, eta Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdian ere egon da ikusgai. Erregistroaren trilogiari amaiera eman dion ez-fikziozko lana da sortzaile bizkaitarrarena, Irrintziaren oihartzunak (2016) eta Lurralde hotzak (2018) lanen ostean ondutakoa. Filmaren aurkezpena aitzaki, Fresnedarekin aritu ginen iragan azaroan solasean.
Luze eta zabal eman zizkigun Tetuan proiektuari buruzko azalpenak, baina ez hori bakarrik, ikus-entzunezko sektorean eta zinema industrian genero berdintasuna lortu bidean egindako urratsez eta ditugun erronkez ere hitz egin zigun: “Lehenengo pausua eman dugu, onartzea ez gaudela aukera berdintasunean”.
Talentua izan edo ez, pertsona orok filmak sortzeko aukera berdinak izan beharko lituzkeela deritzo, zoritxarrez, hala gertatzen ez dela ohartarazi badigu ere: “Ematen du, itxuraz, gauzak aldatu egin direla, baina horrek ez du sustraia aldatu. Sustraia estrukturala da […] Lehen ez zen zalantzan jartzen zinemaldi batean pelikula guztiak gizonezkoek zuzenduta egotea. Zergatik daukagu orain hainbeste ardura, erdi eta erdi badira?”.
Jarraian duzue harekin izandako elkarrizketaren laburpena.