2023ko lehen hiruhilekoan, errealitate birtual eta unibertso paraleloak abiapuntu dituzten Mr. Nobody (Jaco Van Dormael, 2009), Everything Everywhere All at Once (Dan Kwan eta Daniel Scheinert, 2022) eta Donnie Darko (Richard Kelly, 2001) filmak pantailaratuko dituzte.
Errenteriako Ozzinema Zineklubak gure mundutik at joko du urte hasieran. Inguratzen gaituen, eta paraleloki garatzen ari den bizitza birtuala gerturatzen saiatuko da urtarrilean, otsailean eta martxoan proposatuko dituen saioekin. Multibertsoak aitzaki, hiru film garaikide pantailaratuko dituzte, ohi bezala, Niessen Kulturuneko zinema aretoan.
Urtarrilaren 24an, k zuzendutako Mr. Nobody (2009) ekoizpen belgikarrak emango dio hasiera urte berriko ziklo txikiari. 2092an girotuta, Nemo Nobodoy du protagonista. 120 urte ditu, eta Lur planetako azken gizaki hilkorra da, aldiz, aurrerapen teknologikoei esker hilezkorrak diren pertsonez inguratuta bizi dena. Hilzorian dagoenean, Nemok inoiz bizi gabeko existentzia eta ezkontza posibleak gogoratuko ditu.
Otsailaren 28aan, berriki zinema aretoetan estreinatu den Everything Everywhere All at Once (Dan Kwan eta Daniel Scheinert, 2022) film estatubatuarra eskainiko dute. Haustura interdimentsional batek errealitatea aldatzen dionean, bizilekua AEBn baina jatorri txinatarra duen Evelyn protagonista abentura basati batean murgilduko da, berak bakarrik salba baitezake mundua.
Emanaldi sortari martxoaren 14an emango diote akabera, Donnie Darko (Richard Kelly, 2001) film sarituarekin. Donnie imajinazio handidun gazte amerikar adimenduna da. Atzera bueltarik gabeko heriotzari iskin egitea lortuko du ozta-ozta, eta ondorioz, haluzinazioak bizitzen hasiko da.
19:30ean hasiko dituzte saioak, Errenteriako Niessen Kulturuneko zinema aretoan, eta sarrerak kulturuneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta online eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.