Anne Etchegoyen abeslari eta konpositorea gidari duen dokumentala ikusteko aukera egongo da datozen asteetan ere. 2023ko urtarrila hasieran, besteak beste, Zumaian, Zeanurin, Orion eta Hernanin pantailaratuko dute.
MAFIZetik, Malagako Zinemaldiko industria arlotik, igaro ondoren, zinema areto komertzialetan estreinatu zuten, iragan azaroaren 25ean, AINARAK dokumentala. Anne Etchegoyen abeslariaren eskutik, 1870 eta 1940 artean, Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek –ainarak izenez ezagutzen ditugunak, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako– Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari heldu diote filmaren egileek.
Espartinen industrian lan egitera joaten ziren eta udaberrian etxera itzuli, familiari laguntzeko edo bere familia osatu eta bizitza berri bat hasteko helburuarekin. Denboran, geografian eta zirkunstantzia historiko eta pertsonaletan zehar egindako bidaia da, artxibo, dokumentu, argazki eta elkarrizketen bidez, eta Annek haien bide bera egingo du filmean zehar.
Dokumentalaren bidez, merezi duten lekua eman nahi diete emakume horiei. Hain zuzen ere, arrazoi horrengatik hautatu dute azaroaren 25a dokumentalaren estreinaldirako data gisa: Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna baita. Etchegoyenek beti azaldu du kausa horrekiko konpromiso argia, besteak beste, hainbat sentsibilizazio-kanpainatan parte-hartuz. Halaber, filmak genero gai bat jorratzen du: emakume gazteen migrazio masibo eta estazionala, lan-arrazoiengatik emandakoa.
Bada, abenduaren 4ra arte, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta espainiar lurraldeko hainbat txokotan emanaldiak izan ditu dokumentalak. Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoko karteldegian bost aste beteko ditu dagoeneko, eta arduradunek jakinarazi dutenez, 2023ko lehen asteetan ere ikusgai izango da. Jarraian, baieztatutako saioak:
- Abenduaren 29an, 18:30ean: Zumaian, Aita Mari zineman
- Urtarrilaren 4an, 18:30ean: Zeanurin, Arkotzan. Anne Etchegoyenek aurkeztuko du saioa
- Urtarrilaren 22an: Orion. Anne Etchegoyenek aurkeztuko du saioa
- Urtarrilaren 25ean, 18:30ean: Hernanin, Biteri Kultur Etxean
Dokumentalari buruz
2020ko urritik 2021eko ekainera, kontatu nahi zuten historiaren ezaugarri estazionalak errespetatuz, errodatu zuten filma Nafarroan, Aragoin eta Zuberoako hamaika txoko ikusgarritan: Erronkari, Ansó eta Hecho haranak; Cinco Villas eskualdea; Santa Grazi, Maule-Lextarre, Donapaleu, Bidankoze, Burgi, Erronkari, Izaba, Urzainki, Ezkaroze, Otsagabia, Jaurrieta, Luesia, Juslibol, Zaragoza eta Iruñea.
Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren –Apaiz Kartzela– zuzendaritzapean, eta Marga Gutierrezen gidoiarekin, Anne Etchegoyen da AINARAK filmaren gidari eta protagonista, eta baita jatorrizko musikaren egilea ere. Quim Torrens aritu da argazki-zuzendaria lanetan. Era berean, Ritxi Lizartza eta Rosa García izan dira ekoizle- eragileak.
Maluta* Films eta 601 Producciones taldeen ekoizpena da. Espainieraz, euskaraz, frantsesez eta Aragoieraz filmatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EiTBk parte hartu dute. Filmak 85 minutuko iraupena du.