Aftersun-Iker zabala-zineaZuzendaria: Charlotte Wells

Urtea: 2022

Herrialdea: Erresuma Batua

 

Iraganaren aztarna argitsua

Urte bukaera honetan zinem aretoak (ia) erabat hartu dituen Avatar: The way of water-ek perfekzio teknikoaren aldarria egiten du, milioika pixeletako bakoitza bere tokian dagoenaren baieztapena, gure zentzuak erabateko estasira eramanez. Bada, nolabaiteko kontrapuntu estetiko eta morala balitz bezala, Charlotte Wellsen Aftersun itxura (eta soilik itxura) traketseko irudiz abiaraziko da, etxeko kamera batek hartutako irudi gertukoen bitartez, Avatar-ekiko konparaketa biribilduz, pixel handi eta desitxuratuekin. Ez da gure jasotze-pertzeptiboa beste maila batera eramango gaituen iruditeria, baina trukean asko eskainiko digu. Adieraz beteriko proposamena da, pixel horietako bakoitza iraganeko putzuan galtzen den oroitzapen ederra izango baita, zoriontasuna saminez gogoratzera behartzen gaituen distortsio printza, denbora izoztuak sortzen duen errealitate fantasmagorikoaren zeinua. Estasi sentsorialik akaso ez, baina Aftersun-ek gure barrenak hartuko dituen gailur emozional tinkoa eraikiko du.

Sophiek, 11 urteko neska eskoziarrak, bere aitarekin pasako du uda. Gurasoak bananduta daude, eta aitarekin (izenik gabeko pertsonaia, 30 urte eskas dituena) denbora gutxiago pasatzen duenaren sentsazioa izango dugu (filmean dena izango da iradokizun, ziurtasun gutxi eskainiko zaigu), nahiz eta elkar oso ondo ulertzen duten, eta hala, Turkiako udako hotel batetan aste batzuk igaroko dituzte elkarrekin. Pelikulako bizkarrezurra apenas aterako da igerileku, hondartza, itsaso eta txiringitoetako ikuskizunen eremutik. Eta istorioak kutsu naturalista eta gertukoa garatuko badu ere, misterioak ugari bezain nabarmenak izango dira. Familia honetako historiaren zuloak betetzeko hainbat ikur emango bazaizkigu ere, ikusle bezala dugun intuizioa fintzera hauspotuko gaitu Wellsek. Noiztik daude Sophieren gurasoak bananduta? Zertan egiten du lan gizon horrek? Zein da urtean zehar aita eta alabak duten hartu emana? Oro har, galderon inguruko zeharkako argibide batzuk emango zaizkigu, baina bada galdera bat, errelatu guztia zeharkatzen duena eta erantzuteko biziki zaila. Nola liteke pelikulak tonu alai eta argia mantenduta ere erraietara sartzen zaigun malenkonia kutsu jasanezin hori izatea?

Charlotte Wells zuzendariak adierazi bezala, bere haurtzaroko hainbat pasarte egiten ditu bere pelikulak. Fikzioa hala oroitzapen propioaren filtro horretatik iragazten du Wellsek, eta bizipenaren pisua presente dagoenaren sentsazioz behatuko dugu filma, nolabait berariazko elementu hori nortasun zigilu balitz bezala (Carla Simonen Estiu, 1993 gogora ekartzeraino). Edonola, ez da umearen begiradan soilik oinarritutako pelikula, bi pertsonaia nagusien halako oreka bilatzen dela esan genezake, eta tarteka Sophiek bakarka ematen dituen urratsak jarraituko baditugu ere, berdintsua esan liteke bere aitaren inguruan. Izan ere Wellsen bisturi analitikoak bi pertsonaia hauen arteko erlazioa arakatuko du sakonki. 11 eta 31 urte bete berrirekin, bizitzaren ziklo aldaketa desberdinetan ezartzen dira. Agerikoena Sophieren nerabezaroaren hasiera da, coming of age baten zantzuak ikusiko baitugu, desiraren eta askatasunaren aurkikuntzarekin (sarrailaren plano subjektiboan nagusiago diren gazteen behaketa, uretan etengabe murgiltzea, munduan toki berria emateko balio duten plano zenital dinamikoak). Eta oporraldiak nolabait bien artean zabalduko den amildegiaren ortzimuga erakutsi du gutxinaka. Hainbat adierazpen sotil dira, Edinburgo utzi eta Londresera bizitzera joateko asmoaren iradokizuna, esaterako. Eta kamerak ere lagunduko digu haustura horiek barneratzen: eremu sakonera bitartez hondoko pertsonaia desenfokatuta azaleratzen, edo alderantziz; planoko eremua zatikatuz eta aita eta alaba albo desberdinetan ezarriz; edo audioaren eta bideoaren lotura askea interpretatuz, aurreko eszenaren soinuak jarrai dezan utziz eszena berriaren irudia pantailan dugula. Eta etxeko kameraren bideoak, tresna ezin boteretsuagoa hau atzamar artetik ihes egiten ari den errealitatearen irudikapena. Eta grabaketon inguruan sormena amaigabea da pelikulan. Batzuetan, grabaketa ikusi egingo dugu, baina kamerak grabatzeari utzi ondoren ere jarraituko du eszenak. Edo kamera itzali berritan telebista beltzaren isla ilunak emango digu pertsonaiaren irudi goibela. Eta errepikatuta ere ikusiko ditugu hainbat pasarte, momentu bakoitzean adiera desberdina sortuz. Halako baten emango da pelikulak eskainiko duen mirarietako bat, galdera formatuan: “11 urte zenituenean nola nahi zenuen izatea 30 urte zenituenerako bizitza?”. Umetasunetik egiten den galdera xumea, helduaren samin torturatuan ekaitza eragin dezakeena.

Izan ere, pelikulak azken pasarteetan zaurietan jarriko du bere azpimarra. Ulertzeko errazak direnak, denok izan baikara seme edo alaba eta batzuk aita edo ama ere bagaren heinean. Iraganaren inguruko azalpen gutxi emango zaizkigu, baina paradoxikoki etorkizuna bai erakutsiko zaigula neurtutako flashforward-en bitartez. Orduan egingo du erabateko eztanda pelikulak (bi denboratan ematen den eszena musikal zoragarriaren katarsia tarteko) eta bere lokarri sentimental denak askatzea ekarriko du. Sentimenduetan eragina lortuz, baina eremu lakrimogenoak saihestuz. Begiak heze eta gogoa asebeteta uzten duen horietakoa, urteko pelikularik gogoangarrienetakoa dugu Aftersun.