2023ko urtarrilaren 24ra bitartean hiru film pantailaratuko dituzte, Civivox gunean: Calendar Girls (Nigel Cole, 2003), Mary Poppins (Robert Stevenson, 1964) eta Etz Limon (Eran Rikils, 2008).
“Zinemak erreferenteak eta iruditeriak sortzeko gaitasuna dauka. Guganaino iristen diren film gehienek desberdintasunean oinarritutako genero-estereotipo eta -rolak indartzen dituzte”. Hitzokin erabiliz aurkeztu dute aurten 10 edizio beteko dituen Zinemako emakume heroiak zikloa. Maria Castejon Leorza historialari, irakasle eta zinema kritikariak koordinatu du, eta 2023ko urtarrilaren 24ra bitartean hiru film proposatuko ditu Iruñeko Civivox gunean.
Zine-forumaren arduradunak adierazi bezala, “aukeraturiko filmei esker, zinema beste ikuspuntu batetik ikusiko dugu, hau da, bestelako erreferente batzuen behaketa eta haien gaineko elkarrizketa ahalbidetuko dizkigu, emakumezkoen film-unibertsoaren aberasgarri”.
Bada, abenduaren 12an ekin zioten hamargarren urtemuga ospatzeari, eta Calendar Girls (Nigel Cole, 2003) komedia dramatikoa eskaini zuten Iturramako Civivox-ean. Gaur aldiz, bigarren saioa izango du filmak, Sanduzelaiko Civivox-ean, 18:00etan.
Egiazko gertakarietan dago istorioa oinarrituta, eta zera kontatuko du: “Ingalaterrako herri txiki bateko Emakumearen Institutuan makrame egiten dute eta kalabazinez mintzatzen dira. Institutuko emakume talde batek dirua bildu nahi du kausa on baterako, baina tarta edo bizkotxo lehiaketa bat antolatzea baino ideia berritzaileago bat bururatu zaie”.
Zikloko bigarren filma Mary Poppins klasikoa izango da, Robert Stevensonek 1964an zuzendutako musikala. Abenduaren 27an emango dute, Iturramako Civivox-ean, 17:30ean. Istorioa aski ezaguna da: “Ingalaterra, XX. mendearen hasiera. Neska gazte haurtzain ezkongabe eta independente bat, Mary Poppins, etxe batean hasi da lanean. Etxeko jauna bankaria da eta denbora oso larri dabil beti; etxekoandrea, berriz, sufragista ero eta alaia da. Jausgailu erako euritakoarekin, eta irudimena, magia eta umore ona baliaturik, emakumeak Banks familiaren bizitza aldatuko du”.
Zinemako emakume heroiak egitasmoari Etz Limon (Eran Rikils, 2008) ekoizpen israeldarrak emango dio jarraipena. Bi emanaldi izango ditu, biak ere 2023an. Urtarrilaren 16an, 18:00etan, Iturramako Civivox-ean; eta urtarrilaren 24an, ordu berean, Sanduzelaiko Civivox-ean.
Palestinaren eta Israelen arteko gatazka du ardatz filmak: “Salma alargun palestinarra da eta auzi bat dauka Israelgo Defentsa ministroarekin. Palestinaren eta Israelen arteko mugan dauka etxea, eta limoiondo zelai bat dauka mugakide. Agintariek zuhaitzak moztea erabakiko dute, Defentsa ministroarendako eta haren senideendako mehatxua direlakoan. Salmak, orduan, auzibideari helduko dio bere limoiondoak salbatzeko”.
Otsailaren 20an, aldiz, Greta Gerwing aktorearen lehen film luzea egongo da ikusgai Iturramako Civivox-ean, 18:00etan: Lady Bird (2018). Lady Bird nerabea Kaliforniara joan da amarekin, eskolako azken urtea egitera. Berak, ordea, artista izan nahi du, eta AEBetako ekialdeko kostan bizitzea du amets. Horretarako, baina, egunerokoan jarriko dizkioten mugak gainditu beharko ditu, eta nerabezarotik heldutasunerako jauzia egin, bere kontutik. Saoirse Ronan aktore gazteak antzeztu du protagonistaren papera, eta kritika ederrak jaso ditu.
Saio guztiak doan izango dira, baina bertaratu nahi izanez gero, aldez aurretik izena eman beharko da pamplonaescultura.es webgunean, 010 telefonoan edo aurrez aurre edozein Civivoxetan, jarduera hasi baino 24 ordu lehenagora arte.