Abenduaren 12tik 19ra bitartean ospatu dute Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Zinemaldiaren 2022ko edizioa, eta Urška Djukić eta Émilie Pigeardek sortutako lana gailendu da. Animakom Saria, bestalde, Joanna Quinn animaziogile britainiarrak jaso du.
Bilboko Udalaren Kultura departamentuaren eta SGAE Fundazioaren elkarlanetik sortu zen Animakom Fest jaialdia 2017an, hiriko eskaintza kulturalaren hutsuneari erantzuteko asmoz. Pedro Rivero zinemagilea da ekimenaren zuzendaria, eta urtez urte, festibala sendotzea eta parte-hartzea nabarmen zabaltzea lortu dute. Hala, nazioarteko animazio-zinemaren aukeraketa zabala eta kalitatezkoa eskaintzen du, herritarrengana heltzen zailak diren proposamenak eskura jarriz. Lehen edizioak apirilean egin bazituzten ere, Covid19-aren pandemia tarteko, uztailera atzeratu behar izan zituzten iragan edizioak, baina aurten, urte bukaeran, abenduan, ospatu dute seigarren edizioa, hilaren 12tik 19ra hain zuzen ere.
Bada, lau kategoriatan banatu dituzte emanaldiak (nazioarteko lehiaketa, ikasleen lehiaketa, euskal film laburren lehiaketa, eta bideoklip animatuen lehiaketa), eta nazioartean nabarmendu izan diren lanen aukeraketarekin erakusketa berezia atondu dute ere. Gainera, emakume sortzaileek zuzendutako proiektuengan jarri dute foku berezia, Animakom saria eskainiz. 2022ko edizioan Joanna Quinn animaziogile britainiarrak jaso du aitortza.
Filmak Bilborock aretoan pantailaratu dituzte, eta lau kategorietako epaimahaikideek arreta handiz ikusi dituzte. Bada, atzo bertan agurtu zuten 6. Animakom Fest jaialdia, eta dagoeneko ezagutarazi dute irabazleen zerrenda:
- Nazioarteko lehiaketako sari nagusia: Granny’s Sexual life (Urška Djukić eta Émilie Pigeard)
- Nazioarteko lehiaketako epaimahaiaren saria: Pig (Jorn Leeuwerink)
- Nazioarteko lehiaketako epaimahaiaren aipamen berezia: Terra Incognita (Pernille Kjaer eta Adrian Dexter)
- Nazioarteko lehiaketako epaimahaiaren aipamen berezia: Anxious Body (Yoriko Mizushiri)
- Nazioarteko lehiaketako epaimahaiaren aipamen berezia: Remember How I Used to Ride a White Horse (Ivana Bosnjak Volda, Thomas Johnson Volda)
- Ikasleen lehiaketako sari nagusia: Mom, What’s Up with the Dog? (Lola Lefevre)
- Ikasleen lehiaketako epaimahaiaren aipamen berezia: Curiosa (Tessa Moult-Milewska)
- Laboral Kutxa Saria: Ur azpian Lore (Aitor Oñederra)
- Publikoaren Saria: Tardes de verano (Oihane Abete, Garazi Feliu, Candela Gutiérrez, Ander Lizaaraga, Iñigo Sánchez)
- Animazioko Bideo Musikal Onenaren Saria: Mamour (Vladimir Mavounia-Kouka)
- Emakume Zuzendari Onenaren Saria: Spela Cadez (Steakhouse)
- Gidoi Onenaren Saria: Amok (Balázs Turai)
- Gidoi Onenaren Saria: Slouch (Michael Bohnenstingl)
- Berrikuntzaren Saria: Kurent (Miha Reja)
- Berrikuntzaren Saria: Vadim on a Walk (Sasha Virsky)