2023ko Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia urtarrilaren 25etik 27ra bitartean ospatuko dute, eta 15. edizioan bezala, hiru sail lehiakor izango ditu: sail ofiziala, ikasle saila eta bideoklip saila. Guztira, 84 lan aurkeztu dira deialdira.

Huhezinema 2023-irudi berria-zinea

Urtero bezala, Mondragon Unibertsitateko 4. mailako Ikus-entzunezko Komunikazio graduko 14 ikaslek osatutako talde berri batek antolatuko du Huhezinema jaialdia, eta unibertsitateko modulu baten parte izango da, Iban del Campo uniebrtsitateko irakasle eta jaialdiaren zuzendari artistikoaren gidaritzapean. Hala aitortu du arrasatearrak: “Plazer handia da urteroko sormen eztanda hau jaso eta ikasleekin batera eztabaidatzea. Halaber, urteroko helburua izaten da Euskal Herrian zinema egiteko edo ulertzeko modu eta estilo desberdinen erakusketa ahalik eta anitzena egitea”.

Aurreko aldietan bezala, sail ofiziala eta bideoklip saila bere horretan mantenduko dira. 10 film laburrek osatuko dute atal nagusia, eta horien artean bi sorkuntza dokumental zehaztu dituzte; beste lan guztiak fikziozkoak izango dira, tartean animaziozko bat ere badela. Del Campok argitu bezala, “eskarmentu handiko zuzendari eta lantaldeak daude” aukeraketan.

Izan ere, Cannesen saridun izan den eta Goya sarietarako hautagaia den Cuerdas (Estibaliz Urresola), Kimuak 2022 katalogoaren parte ere dena, Irrits (Maider Oleaga) eta Lanbroa (Aitzol Saratxaga) lanekin batera. Lekeitioko Euskal Zine Bileran Urrezko Antzarra irabazi duen Muga (Eñaut Castagneten) zein Bost teilatu film laburren bildumako Erlojupekoa (Leire Egaña) ere egongo dira rtarrilaren 25etik 27ra bitartean ikusgai.

Bestalde, gazteen artean arrakastatsu den bideoklip formatuko 12 sorkuntza “eder bezain aberats” jasoko ditu ekitaldiak. Horiez gain, orain arte MU Ikasle Saila izan dena, hau da, Mondragon Unibertsitateko ikasleei soilik bideratutakoa, zabaldu egin dute Euskal Herriko zinema edo ikus-entzunezko euskal ikasleen parte hartzea bultzatuz: Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), ECPV (Bilbo) eta EHUko 10 film labur izan dira hautatuak.

Irudi berritua

Berrikuntzaz beteriko urtea izango dela aurreratu zuten azaroan, publiko zabalago batera iristeko helburua izango baitu, eta dagoeneko hasi dira 16. edizioa izango duenaren lehen xehetasunak argitzen. 16. ediziorako ezarritako erronka ardatz hartuz, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko 4. mailako Ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasleek Huhezinema jaialdiko iruditeria eguneratu dute.

Aurrerantzean, “lau kolore nagusi izango ditu, eta begiak eta begiradek garrantzia berezia hartuko” dutela azpimarratu dute. Julen Iglesias ikasleak diseinatutako kartel proposamenaren baitan berritu dute, Yurena Carrero kidearen laguntzarekin. Hala, jakinarazi dute sare sozialetan gutxinaka-gutxinaka joango direla diseinu berriak aurkezten. Horietan, animazioza eta bideoa nahastuko dituztela ere aurreratu dute.

Ezagutu 2023ko Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiko filmen hautaketa, jarraian.