Elbira Zipitria «andereñoen andereñoaren» bizitza jasotzen duen dokumentala ondu du Iban Gonzalez zinemagileak. Abenduaren 26an aurkeztuko du Elbira lana, 17:30ean, Donostiako Kursaalean.
Elbira Justa Zipitria Irastortza maistra, ikastolen sortzailetarikoa, euskararen sustatzailea eta emakumeak baztertzearen kontrako borrokalaria izan zen. Abertzale sutsua eta euskal abertzaletasunaren eragile, isilpean eta ausardiaz jokatu zuen frankismoaren urte beltzenetan. Pedagogia aurrerakoia erabili zuen, besteak beste ikasle zituen neskatoen eta mutikoen arteko berdintasuna aldezten zuena.
Errepublika garaian sortu zuen bere lehen ikastola, Donostiako Parte Zaharreko Ikatz kalean. Francoren altxamenduaren ondorioz, mugaz gaindi, Sarara joan behar izan zuen ihesi. Urte gutxiren buruan itzuli zen, eta gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, berriz ere ikastola bat martxan jarrita. Eragin itzela izan zuen gerra ondorengo ikastolen hasieran; euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak hark lotu zituela esan daiteke.
Ikastolen alde lanean jardun zuen, 1982an zendu zen arte, baina ez zen soilik haurren andereño izan. Ikasleekin batera, euskarazko irakasle bilakatu nahi zuten Irakasletzako ikasleak etortzen zitzaizkion Elbirari, praktikak egitera; geroko ikastolen hazia erein zuten irakasle berriak. Gehienak emakumezkoak izaki, “andereñoen andereño” izan zela idatzi zuen Joxemi Zumalabek 1982an.
Elbira
Hain zuzen, “andereñoen andereño” izandakoaren bizitza eta ibilbidea gogora ekartzea izan da filmaren sortze-helburua: “memoria historikoaren testuinguruan fokua jarri nahi izan dugu gure herriaren eraikuntzan eta herrigintzan ezinbestekoak eta esanguratsuak izan den emakumearengan”, azaldu du Iban Gonzalez zuzendariak. Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak izango ditugu protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatuko digute. Horiek izango dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.
Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek emango dio bizia andereñoari. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.
Gidoilari lanak bete ditu ere Gonzalezek, eta Baleuko ekoiztetxearen babesa izan du atzetik. Filma aurkezteko agerraldian argi utzi zuen beretzat eta Baleukorentzat “plazer handia” izan dela filma egitea, “libre izan gara gidoia eratzeko, formatua sortzeko eta fikzioa erabili dugu lan hau egiteko”, azaldu zuen.
Abenduaren 26an, arratsaldeko 17.30ean, estreinatuko dute lana Donostiako Kursaalean. Egun berezia aukeratu dute, izan ere, egun horretan andereñoaren heriotzaren 40. urteurrena izango da. Dokumentalaren estreinaldiaren sarrerak doakoak dira, baina aurretik izena eman behar da Aldundiaren webgunean.