Zinemagile donostiarraren opera primaz gain, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos film laudatua ere Kataluniako Zinema Akademiak argitutako hautagaien zerrendan ageri da, Europako film onenaren kategorian. Aldiz, Aitor Berenguer soinu ingeniariak Los renglones torcidos de Dios lanari egindako ekarpenagatik aitortza jaso dezake.
Kataluniako Zinema Akademiak 2023ko urtarrilaren 22an banatuko ditu lurraldeko ekoizpen onenak aitortzea helburu duten Gaudi sariak, eta kategoria guztietan hautagai diren film eta profesionalen zerrenda argitu berri du. Carla Simónek zuzendutako eta Berlingo Zinema Jaialdian nagusi izan zen Alcarràs, zein Canneseko festibalean erakutsi zen Isaki Lacuestaren Un año, una noche ageri dira denen buru, 14 hautagaitzarekin. 11 ditu, aldiz, Abert Serraren Pacifiction lanak.
Museu Nacional d’Art de Catalunyako Oval aretoan (Bartzelona) ospatuko da sari-banaketaren 15. edizioa, Llum Barrera aktoreak aurkeztuko duena, eta euskal parte hartzea duten hainbat proiektu ere izango dira lehian. Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren Suro opera primak 10 hautagaitza lortu ditu: film onena (Lastor Media, Nocturna Pictures, Irusoin, Malmo Pictures), zuzendari berri onena (Gurrea), jatorrizko gidoi onena (Gurrea eta Francisco Kosterlitz), emakume protagonista onena (Vicky Luengo), gizonezko protagonista onena (Pol Lopez), ekoizpen zuzendaritza onena (Mayca Sanz), zuzendaritza artistiko onena (Isona Rigau), edizio onena (Ariadna Ribas), jatorrizko musika onena (Clara Aguilar) eta soinu onena (Leo Dolgan eta Xanti Salvador).
Universitat Pompeu Fabran Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren, 2016an hasi zen Gurrea bere lehen film luzearen proiektua garatzen, Ikusmira Berriak programaren egoiliar gisa; sei urte geroago 70. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu du, Fipresci saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal gidoigileen elkartearen saria eskuratuz. Abycine jaialdian ere, Albaceteko Kazetarien Elkartearen aitortza jaso du. Katalanez errodatuta, filmak landa-ingurura bizitzera joango den bikote baten istorioa kontatuko du. Bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan barna, baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, beraien etorkizuna kolokan jarriko da.
Bestalde, Malagako Jaialdiko 25. edizioan arrakastatsu izan den Cinco lobitos lanak Europako film onenaren saria irabaz dezake Kataluniako Zinema Akademiaren galan. Bergman Island (Mia Hansen-Løve) zein Petite Maman (Céline Sciamma) ekoizpen frantziarrak, eta Verdens verste menneske (Joachim Trier) norvegiarra izango ditu lehiakide.
Amatasunaren eta zaintzaren haritik tiraka sortu du Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak bere opera prima. Laia Costa du protagonista. Ama izan berri den eta nola jokatu behar duen ez dakien Amaiaren paperean ikusiko dugu, eta Susi Sanchez Goya sariaren irabazleak bete du Begoña amaren papera; Ramon Bareak Koldo aitarena. Horrez gain, Mikel Bustamante jarri da Javi senar umoretsu eta, tarteka, axolagabearen paperean.
Urtarrilaren 22ko hitzorduan, gainera, Aitor Berenguer soinu ingeniaria ere izango da, Los renglones torcidos de Dios (Oriol Paulo) filmean egindako lanagatik saria eskuratzeko hautagaien zerrendan sartu baitute.
Ezagutu hautagaien zerrenda osoa, jarraian.