Zuzendaria: Carlos Vermut
Urtea: 2022
Herrialdea: Espainia

 

-Gizakiaren barruan munstroa (eta munstroaren barruan gizakia) –

Carlos Vermut, soilik 3 pelikuladun ibilbidearekin, zinema garaikidearen ahots interesgarri eta pertsonaletako bat bezala dago ikusia, bere pelikulek  aire fresko eta aurreiritzi gabea iradokitzeko daukaten gaitasunagatik. Komikiaren eragina bertan dela, Diamond Flash, Magical Girl eta Quién te cantará-k sufrimenduaren eta nortasunaren inguruko errelato konplexuak eraikitzen zituzten, narrazioa planteatzeko denbora hausturak, pertsonaien arteko ispilu jokoak edo marrazte koralak mahaigaineratuz. Bada, Mantícora bere laugarren film honetan depurazio ariketa nabarmen eta harrigarria egin du, filmaren egituran bertan (itxurazko) sinplifikazioa planteatuz, era kronologiko xehean, protagonista bakar baten bitartezko kontaketa eraikitzeko. Baina, paradoxikoki, ez du esan nahi horrek aurreko mugarri horiekiko pelikula soilagoa denik hauxe, eta akaso denen artean konplexuena dela esango bagenu, ez geundeke urruti.

Pelikularen sinopsia gauzatzea biziki zaila da, filmaren erdigune nabarmenena ez jakitea komeni baitzaio ikusleari, begirada ahalik eta garbiena izan dezan pertsonaiaren arku dramatikoa naturalki behatzeko (nahiz eta filmaren promozio kanpainan konplexu gabe aipatu egin den), beraz erdigune hori iradoki baino ez dugu egingo. Nahikoa da esatea Julian gizon gazte honen odisea kontatuko zaigula, bere barne gatazkekin etengabeko lehian eta bizitza intimoaren eta munduan tokia aurkitzeko bide horren arteko oreka lortu nahian. Generoari dagokionean drama sentimentalaren eremuetan mugituko bagara ere, sekretuaren esistentzia horrek thrillerraren lurraldeetatik gertu ezarriko gaitu.

Hala, marrazte psikologiko boteretsuaren tresnarengan ezartzen du bere izatasuna pelikulak, Julianen ertzez beteriko poliedroaren eratze horretan, hiru alorretatik eginiko sortzea den heinean: lehenik, Vermut berak idatziriko gidoia, hiru denboratan, nolabait, bana dezakeguna. Hemen pertsonaia definitzeko erabaki orokorrenak zehazten dira, nagusiena Julian-i ematen zaion ogibidea: bideojoko marrazkilaria da, joko basatietako munstro ahalik eta lazgarrienak diseinatuko ditu. Hala, munstroaren ideia hori, pelikulak muturreraino eramango duena,  hastapenetik bertatik azalduko zaigu. Bideojokoen munduak istorioa era paraleloan zeharkatzeak irakurketa mamitsuak eskaintzen dizkigu, identifikazio handia duen, baina ‘errealitatean’ gertatzen ez denaren aspektu horrek berebiziko garrantzia izango baitu. Psikologikoki diskurtsoa hornitzeko bigarren gailua, nabarmenki boteretsua hau ere, Nacho Sanchez-en haragitzean dago; inozentziaren, izuaren eta erruaren arteko bidegurutzean, izugarri aberasten da pertsonaia aktorearen plazaratzen dituen matiz sentikorrekin. Bere kontrapuntua izango da Zoe Stein-en pertsonaia, Diana, eta bere dinamismoa, maitasun istorioaren ardatza haragituko duena (eta casting erabaki zoragarria, bere fisionomiak eta aktibatzen diren ispilu erreferentziek adierak biderkatuko baitituzte). Bi pertsonaiek Museo del Pradora egingo duten bisitak, Goya-ren margolan beltzetako munstroak bertan direla (eta Alfred Hitchcock-en Vertigo-ren oihartzunak somatzen ditugula) zirrara sortzeko ahalmena izango du.

Eta pertsonaiaren psique horren hirugarren hanka, akaso zailena eta aldi berean baliotsuena, eszenaratzean dago. Desiraren inguruko pelikula izanik, trebetasunez jokatuko du Vermut-en kamerak eremuz kanpoarekin, eta irudikapen bisuala erakusterako orduan, errealitate birtualaren irudikapena izango da pelikularen bihotzaren erdigunea. Julian-ek bere munstroak hala sortzen ditu, espazio huts abstraktoan arkatz ikusezina mugitzen. Bere plano subjektiboaren (munstroaren ‘jaiotza’ zuzenean) eta kanpoaldeko irudi obserbazionalaren (Julian betaurreko beltzak dituela atzamarra airean mugitzen) arteko erlazioa horren da boteretsua, aktibatzen den eremuz kanpoa horren da erabatekoa, filmaren esentzia biltzeko balio dezakeela (gorputza da gogoaren kartzela edo alderantziz?). Filmak gainontzean plano finkoen aldeko joera badu ere, desiraren irudikapena diren kamera mugimenduen agerpenak filmaren beste arrakasta formaletako bat sortuko du.

Filma inperfektua da, edonola; gidoiak erritmo bariantzak pairatzen dituenaren sentsazioa izan genezake (erdialdeko pasartea mantsoegia izan liteke, batez ere bukaera parteko prezipitazio puntu batekin alderatuta), eta itxiera segmentua eraginkorra bada ere (sekuentzia plano ikusgarria plazaratuko zaigu, eta itxiera irudia borobila izango da), pertsonaiaren eboluzioa urratzen duen erabaki moral batetan oinarrituta dago. Halaber, Vermut-ek balio handiko artefaktua eraiki du, tabuak hautsi eta arrisku handiak hartzen dituena, eta bere buruari proposatzen dion erronkan arrakasta lortzen duela esan genezake, izan ere, munstroaren barreneko gizatasuna helduko baitu eta enpatia sorraraziko du trebeki. Zineak barrenak astintzen balio du, eta hortaz gainera, jakintsuago egin gaitzake, edo gutxienik gure ideien oinarriak sendotu, metatu edo irauli. Zentzu horretan, Mantícora ikusi ondorengo ordu eta egunetan (hortik gora agian baita ere, baina oraindik ezin jakin!) buruan iltzatuta geratzen den pelikula horietako bat da.