Abenduaren 16, 17 eta 18an, Hator Hator Horror Fest mostraren bigarren edizioa ospatuko dute Azpeitiko Soreasu antzokian. Fikziozko eta animaziozko film laburrak, euskal filmak, estreinaldiak, kontzertuak, lantegiak eta erakusketak izango dira nagusi egitarauan.
Beldurrezko zinemaren zaleek ezinbesteko hitzordua dute datozen egunetan Azpeitian. Udalaren, Ospel Films taldearen eta Kulturaz Kooperatibaren ekimenez, bueltan da generoko proposamen anitzak, berritzaileak eta, noski, etxekoak bilduko dituen jaialdia. Jarduera egitarau zabala, besteak beste, film luzeen proiekzioak, animazio eta fikziozko film laburrak, kontzertuak eta haurrentzako hainbat saio eskainiko dituena.
Berrikuntza gisa, gainera, mostraren bigarren edizio honek K-sarien lehiaketa irekia hartuko du. Bertan, animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko da eta, sariduna 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean emango dute. Gainera, Sanagustin kulturguneak kontzertu bikoitza hartuko du larunbat gauean, Asgarth metal eta Txatar taldeek girotutakoa. Musika ikuskizuna 22: 30ean hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
Halaber, Igande goizean, haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerra errepikatzeaz gain, ekitaldi-sorpresa bat ere eskainiko da Sanagustin kulturgunean. Ekintza berritzailea eta digitala izango dela aurreratu dute antolatzaileek, haurrak ez ezik, helduak ere ahoa bete hortz utziko dituena.
Zinemara itzulita, proiekzioez gozatzeko HHHF bonua prestatu dute. Proiekzio bakarrak gozatzeko aukera ere izango da, leihatilan bertan eskuratu ahal izango diren sarreren bidez (5€-tan bakoitza).
Bada, honakoa duzue egitaraua:
Abenduak 16, ostirala:
- 19:00etan, HellRaiser (David Bruckner, 2022) + K Sariak
Abenduak 17, larunbata:
- 10:30ean, Animaziozko film laburrak
- 12:00etan, Fikziozko film laburrak
- 16:30ean, Mad Heidi (Johannes Hartmann etaSandro Klopfstein, 2022)
- 18:30ean, Unicorn Wars(Alberto Vazquez, 2022)