Zinema jaialdiaren 70 urteko ibilbidean bidaiatzeko aukera eskaintzen duen webgunea aurkeztu dute Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-egitasmoaren bultzatzaileek. Guztira, festibalaren artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago jarri dituzte eskuragai, online zein aurrez aurre.
Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrena borobiltzeko asmoz, festibalak berak eta Elias Querejeta Zine Eskolak Artxiboa webgunea aurkeztu dute, gaur, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan. 2018an hasitako Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren lehen fasearen amaiera da, Zinemaldiaren artxibo historikoa kontserbatzea, ikertzea eta kontsulta publikora zabaltzea helburu izan duena. Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesa du proiektuak, Euskadiko Filmategiaren, Medialab Tabakaleraren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin gauzatu dute.
Guztira, Zinemaldiaren artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) jarri dituzte eskuragarri, eta horiek online zein aurrez aurre kontsulta daitezke. Horien artean daude, besteak beste, festibal donostiarraren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak: Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 711 ale, 1954tik gaur egunera arte kontserbatu dituztenak; ia edizio guztietako 350 kartel inguru; eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak. Digitalizazioak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude argitaratuak, salbu eta egile-eskubideengatik beste lizentzia murriztaileago batzuen pean argitaratu behar direnak.
Webgunearen antolaketa
Hainbat ataletan banatu dute webgunea haien bidez, Zinemaldiaren 70 urteko ibilbidean bidaiatzeko aukera eskaini dute:
- 70 edizioak izeneko atalean, ekitaldi bakoitzeko datuak kontsulta daitezke, urtez urte.
- Ikerketak atalean Historiak azpiatala dago batetik, artxiboko materialetatik abiatuta egindako dibulgazio-saiakeral; bestetik, bertsio digitalean biltzen ditu gaur egun arte egindako argazki-erakusketak, bai eta Zinemaldia 70 egitasmoak sustatutako programa publiko guztien informazioa ere.
- Bilduma digitalak atalean daude Hilabeteko dokumentua sekzioa, Zinemaldiko egunkariak, kartelak eta argazkiak.
- Katalogoa atalean, publiko orokorrari eta profesionalei zuzendutako bilatzaileak daude.
- Bisitatu eta kontsultatu artxiboaatalak materiala online nahiz aurrez aurre eskuratzeko moduari buruzko informazioa eskaintzen du.
Proiektuaren izenburuarekin bat etorriz Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren izenburuarekin bat eginez, webgunera joko duen pertsona orok, bertara sartzen den bakoiztean, edukien lagin berri bat aurkituko du, konbinazio amaigabeei bide eginez. Edukiok, gainera, ugaritu egingo dira, fitxategia digitalizazio berriekin aberasten den heinean. Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako gune bat bilakatuko da, pentsaera, ikerketa eta sorkuntza garaikidearen inguruko elkarrizketa kritikoetara irekia.
Horretarako, EQZEko graduondoko ikaslez osatutako taldeek garatutako ikerketa-ardatzak zehaztu dira proiektuaren hasieratik. Pablo La Parra Pérez ikertzailea aritu da horiek zuzentzeko lanetan, Zinemaldiko zenbait departamenturekin lankidetzan.
Gainera, webguneak 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du. Fitxa horietan deskribatutako materialak aztertu ahal izango dira, aurrez aurre, Euskadiko Filmategiko irakurketa-aretoan, irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek hala eskatuz gero.
Aurkezpen publikoa
Proiektuaren bultzatzaileek aurreratu dutenez, hilaren 17an, Donostiako Tabakalerako zinema aretoan jendaurrean ere emango dute Artxiboa webgunearen berri. 16:30ean ekingo diote aurkezpen-ekitaldiari, eta Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Carlos Muguiro (Elías Querejeta ZineEskola), Arantza Mariskal (MedialabTabakalera), Joxean Fernández (Euskadiko Filmategia) eta Ane Abalde (Kutxa Fundazioa) izango dira hizlariak. La Parrak, ikerketa-proiektuarena arduradunak, egingo ditu moderatzaile-lanak.
Ostean, 17:15ean, Lorena Soria, Andrea Sánchez eta Anna Ferrer Homs zaharberritzaile eta kontserbatzaileek funtsak kontserbatzeko eta katalogatzeko prozesuaren gako teknikoak azalduko dituzte mahai-inguru batean. Zinemaldia 70 proiektuaren koordinatzailea den Irati Crespok modu praktikoan azalduko ditu Zinemaldiko funtsetara sartzeko gakoak, Un archivo abierto: acceso, consulta y uso de materiales hitzaldian.
Saioari amaiera emateko, La Parrak Un archivo vivo: investigación y pensamiento hitzaldia emango du, eta EQZEko lehen promozioko ikasle izandako Clara Rus egilearen ¿Cuáles son nuestros años? film laburra proiektatuko da gero, EQZEko ikasleek 2018an artxiboarekin izandako lehen kontaktua dokumentatzen duena.