2023ko urriaren 19tik 26ra bitartean ospatuko den Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko antolatzaileek urtarrilaren 1ean ekingo diote ikuspegi soziala lantzen duten filmen bilaketari. Maiatzaren 1a izango dute sortzaileek beren lanak bidaltzeko epe-muga.
KCD GGKek – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena da Bilboko Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Komunikazioa eta Kulturaren bitartez, gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko dituzten filmak biltzen dituzte urtero, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia, eta lau ardatz tematikoren gainean eraiki dute hitzordua: garapen iraunkorra, giza eskubideak, kultur artekotasuna eta genero ekitatea.
Hamabosgarrena izango den edizioaren prestaketa lanetan hasi dira jada, eta hura osatuko duten lanak bidaltzeko epea 2023ko urtarrilaren 1ean irekiko dute. Aipatutako lau ardatzetako bat jorratzen duten film laburrak, ertainak edo luzeak (fikziozkoak, dokumentalak edo animaziokoak) aurkeztu ahalko dira maiatzaren 1a baino lehen deialdira.
Oinarriek zehaztutakoaren arabera, munduko edozein lekutako pertsonek har dezakete parte lehiaketan, edozein dutela ere jatorria edo nazionalitatea. Adingabeek, berriz, dagokien pertsona helduaren baimena behar dute (gurasoak, legezko tutoreak…). Lan bat edo gehiago aurkez ditzake pertsona edo talde bakoitzak, betiere egiletza- edo banaketa- eskubideen jabe badira. Beste jaialdi batzuetan parte hartu izana ez da ezaugarri baztertzailea izango.
Amaitzeko, azaldu dute jatorrizko hizkuntzan aurkeztu behar direla lanak. Hizkuntza hori ez baldin bada ez gaztelania ez euskara, bi hizkuntza horietako batean azpititulatu behar dira.