Zuzendaria: Mikel Gurrea
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria – Katalunia

-Bikotearen barrenak-

Pertsonaien eta bere inguruko errealitatearen arteko tentsioa motore dramatiko bilaka daiteke zenbaitetan, nolabait testuingurura egokitzeko moduak barne psikologiaren maparen ardatzak eratzen lagunduko bagintu bezala. Hau izan liteke Suro-ko protagonisten kasua, Elena eta Ivan (zein baino zein boteretsuago Vicky Luengo eta Pol López) Bartzelonan bizi izan diren arkitektoak dira, haientzako berria den espazio batera joateko erabakia hartuko dute, Gironako landa inguruko etxe bakartu batera, inguruko kortxo zuhaitzen bitartez bizimodua eratzeko xede irmoarekin. Ilusioz beteak eta ume baten esperoan, hiritik alde egitearen eta munduaren eremu garbi eta naturaletan zoriona aurkitzearen ametsak hartuko ditu pelikularen lehen pasarteak (sinbolikoki etxearen inguruan izango duten asto horretan haragituak). Baina ez ezagunaren aurrean gure barrenek nola jokatuko duten ezin daiteke aurreikusi eta pelikulak erabat sendoa ematen duen bikotearen kontraesan eta frikzioak aterako ditu argitara.

Mikel Gurrearen lehen lan honek (Zinemaldian, besteak beste, Irizar eta Fipresci sariak irabazi zituena) maila askotan funtzionatzen duela esan genezake: agerikoena, gainbehera doan bikotearen pantailaratzean, Ivan eta Elena geroz eta urrutiago somatuko ditugu; (in)komunikazioan arazoak tarteko, erabakiak hartzera behartuta egongo dira ezusteen aurrean, eta oinarriek berriro lur hartzean arrakala handiegia izan liteke. Eta inguruak, Gironako l’Empordà-ko zonalde hustuak bikotearen erresonantzia kutxa gisa funtzionatzen duela esan genezake, paradisutik gertu ezartzen den gaztelu ederraren itzal freskoekin eta arbola sendo eta berdeekin; baina aldi berean kutsu infernala duten eguzkiak erretako lur lehorrekin, haizeak harrotzen dituen hauts zakarrekin (sutearen mehatxua hor dago beti), etxeko leihoetatik sartzen diren argi gorrixkekin.

Halaber, munduaren ikuskera desberdinen arteko kontraste bortitza planteatzen da, filmaren kontatze motore eraginkor hau ere. Langile atzerritarrekiko gehiegikeriak, lana eta soldatak kudeatzeko arazoak, lurraren jabetzak ematen duen eskubidearen inguruko desadostasunak. Ideia teorikoen inguruko inozentzia izango da hastapen, nolabait era alegorikoan bi ‘fikziotan’ haragituak: musikala alde batetik, bikoteak diskotekan izango duen dantza artifizioso zoragarrian (errima bikaina izango du honek bukaerako beste dantza batekin, jada bakarka), eta baserrian egingo duten antzerki eszena dibertigarrian. Fikzionatutako eszena isolatu hauen txanponaren bestaldea izango dira kortxoa ateratzeko prozesuaren irudi ia dokumentalak, pertsonaiek bete-betean ezagutuko duten errealitatearen isla. Hala, arbolak kanpo geruzak galtzen doazen heinean, bikotea ere bere nahi eta desioen muinera iritsiko da.

Eta pelikula azken pasarteetara iristen denerako, ohartuko gara heldulekuak ugari eta aberatsak direla, esaterako, eraiki daitezkeen triangelu sinbolikoak emankorrak baitira. Hemen adibide batzuk: 1) Ivan, Elena eta datorren umearen arteko hirukia, nolabait norberaren ongizatearen eta ekintza moralaren arteko etorkizun iparrorratza zehazteko. 2) Agerikoena, akaso, Ivan, Elena eta Karim-en (kortxo langile atzerritar gazterearen) artekoa 3) Taldekakoa: zonalde honetako biztanleen, etorkin gertuko eta dirudunen (gure protagonisten) eta etorkin urrutiko eta pobreen (zuhaitzetan lan egiten dute marokoarren) artekoa 4) Alegorikoena, Ivan, Elena eta astoaren artean eraikitzen dena; naturaren, familia egitasmoen eta ametsen balantza eraikiko da astoaren begirada noblearen inguruan.

Aipaturiko guztiak irakurketak biderkatu egiten ditu, izan ere, pertsonaia guztien arrazoiak ulergarriak dira eta posizionamendu aurre zehaztuak baztertu egingo zaizkigu. Horri gaineratu behar zaio Gurrearen kameraren indarra, etxe horretako barrenetan edo artelatz basoetan era dinamikoan mugituz (hasiera eta bukaeran baserriaren geletatik egiten den travellingek filmaren beste gailur formaletako bat eraikitzen dute), filmak erritmo etenaldi nabarmenik izan ez dezan lortuz. Ezbairik gabe pelikula sendoa eratu du Mikel Gurreak bere lehen film luzea den honetan.