Juan Carlos Perez buruaren eskutik, Itoitz musika taldearen memoria arakatuko du Larraitz Zuazok ondutako Itoiz udako sesioak film dokumentalak. Doxa Producciones taldearen babesarekin ondu dute, eta zabaldu dituzte jada lehen irudiak.
70eko hamarkadaren amaieran Mutrikuko mutil batek Rock-talde bat sortu nahi zuela erabaki zuen. Hamar urte beranduago, talde horrek aretoak bete eta salmenta-markak hausten zituen. Euskal musikaren panoraman erreferente bilakatu zen Itoiz. 10 urteko historia labur baina arrakastatsuaren ondoren, Juan Carlos Perezek abentura amaitutzat eman zuen. Kritikari eta zaleen harridurarako, unerik gorenean erabaki zuen ibilbidea etetea; 30 urte beranduago ezin dio haren itzalari iskin egin.
Izan ere, zer geratu da 70eko hamarkadaren erdialdean eztanda egin zuen banda hartatik? Zalantzarik gabe, bizirik dirauen kultura-ondarea. Hain zuzen, aztarna horiek guztiak biltzen saiatu da Doxa Producciones ekoiztetxea, Larraitz Zuazok gidatutako proiektu dokumentalean. Juan Carlos Perez buruaren eskutik, izan zenaren eta izan zitekeenaren puzzlea berrosatzea da xedea.
Bada, 90 minutuko iraupena izango duen pieza ontzen ari dira; erro dokumentalak eduki baina fikziotik ere edango duena. Zuzendaritzaz gain, Zuazok idatzi du gidoia, Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea ekoizleekin batera. Hasiera batean, dokumentalaren proposamena hiru ikuspuntutatik hurbilduko zaio taldekideen figurara. Alde batetik, ekoizpenaren azken bost urteetan bildu duten artxiboko materiala dago. Bestalde, taldekideei eta haien gertukoei egindako elkarrizketak eta, azkenik, taldearen lehen urteetan oinarritutako zati fikzionatuak ere jasotzen ditu.
Errodatze prozesuan murgilduta oraindik, Euskal Telebistaren bitartez zabaldu dituzte emaitza finala izan daitekeenaren lehen irudiak.