Lau hamarkadetan zehar egindako ibilbidea gogoratuko duen filma sortu dute elkarteko kideek. Abenduaren 16an aurkeztuko dute, hiriko Lizeo Antzokian.
Ospakizunetarako urtea du 2022a Gernikako Zineklubak. 1982an ekin zioten ohiko zinemetan tokirik ez duten filmak proiektatzeari, herriko zinemazaletasuna hauspotzeari, eta oro har, bizilagunen elkargune izateari. Bermeoko Kresala zinema-foroa izan zuten Juan Luis Ugalde, Diego Gandarias eta Iñaki Etxaniz sortzaileek erreferentzia, eta haiek bultzatuta, areto komertzialetan pantailaratzen ez zituzten lan ausartenak herritarrei hurbiltzen hasi ziren.
180 lagun inguru elkartzen dira ostiraletan, Gernikako Lizeo Antzokian, eta herriko hainbat elkarteekin lankidetzan ziklo bereziak antolatzen dituzte urte osoan zehar, besteak beste, Gernikako Bonbardaketaren harira pentsatutakoak, ziklo tematikoak, Lekuek musika festibalarekin lotutakoak etab.
2022an 40 urte beteko ditu Gernikako Zineklubak, eta arduradunek gala berezia prestatu dute hitzordu borobila ospatzeko. Abenduaren 16an, Pedro Duranak eta Ionut Amenaruk sortutako Gure bizitzaren filmeak dokumentalaren mundu mailako estreinaldia hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak.
Herriko bizilagun zinemazaleenen ahotsen, oroitzapenen eta bizipenen bilduma eratu dute. Ekitaldian, Segundo Olaeta Musika Eskolak zuzeneko kontzertua eskainiko du, zinemaren historiako soinu banda entzutetsuenak interpretatuz.