57. edizioari ekingo dio gaur euskal kulturaren plaza den ekimenak. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dituzte, Irudienea gunean.
Bi urteren ostean, ohiko formatua berreskuratuko du Durangoko Azokak, hala, Landako Gunea jendez beteko da abenduaren 11ra bitartean. Guztira, 248 stand izango dira bertan, eta 176 parte hartzaile. 930 kultur nobedade aurkeztu dituzte 2022ko edizioan, eta erakusmahaietan salgai egoteaz gain, hilaren 10era bitartean, online dendan ere egongo dira eskuragarri: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar).
Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak aipatu duenez, “euskal kultura bor-bor izango dugu edizio honetan. Azken urte bietan, testuinguru konplikatua izan arren, azokari eustea lortu dugu, denon taupadari esker. Orain euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua helduko da, bere gune eta espazio guztietan”. Hala, Azokak euskal kulturaren “eztanDA!” biziko du, eta horretarako 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte gune guztietan, ohiko edukierak berreskuratuta.
Ohi bezala, Irudienean Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera egongo da. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira bertan, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Euskal Herriko historia, ingurumena, pertsona migratuen errealitatea, umeentzako zinema Zineuskadiren eskutik, LaburmetraDA! izeneko film laburren saioa, Paul Urkijoren Irati filmaren emanaldi berezia etab.
Jarraian duzue Irudieneako egitaraua:
Abenduaren 7an:
- 17:00-20:00 | Sortzaile amateurren dema. Euskaltzaileen Topaguneak antolatuta, film labur finalisten gala
Abenduaren 8an:
- 11:00-12:00 | Loa eta Laia (talde lana) telesail musikatuaren emanaldia
- 12:00-12:30 | Aire! (Gentzane Martinez de Osaba) filmaren aurkezpena
- 12:30-15:00 | Bost teilatu (talde lana) film kolektiboaren emanaldia
- 15:00-17:00 | Oltxiak filmaren emanaldia, Zineuskadiren eskutik
- 17:00-18:00 | Erro bi (Nagore Muriel Letamendi), Deserri (Imanol G. Gurrutxaga) eta Ezohikoak (Alejandra Bueno) film laburren emanaldia
- 18:00-19:00 | Haize Lerroak (Janire Etxabe) eta Iretargi (talde lana), Sutan (Naia Arantzamendi) eta Polita (Eneko Muruzabal Elezkano) film laburren emanaldia
- 19:00-20:00 | Kimuak 2022 programaren baitako film laburrak: Hemen bizi da maitasuna (Enara garcia eta Ainhoa Olaso), Irrits (Maider Oleaga) eta Lanbroa (Aitzol Saratxaga).
Abenduaren 9an:
- 11:00-12:00 | Artxipielagoa II Podcasta (EITB Podcast)
- 12:00-13:30 | Helmotz, bi hiri bi organo (Aitor Alberdi Garralda), Geruzak (Jakin Fundazioa eta Elkar argitaletxea) film laburren emanaldia
- 13:30-15:00 | Zertako! (talde lana) euskarazko eta umorezko webseriearen emanaldia
- 15:00-17:30 | Space Jam filmaren emanaldia, Zineuskadiren eskutik.
- 17:30-18:30 | Loreak Belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte (Lanartean-Amagoia Gurrutxaga Uranga) dokumentalaren emanaldia
- 18:30-19:30 | Mari, ixilik nahi gaituztenean (talde lana) filmaren emanaldia
Abenduaren 10ean:
- 11:00-12:00 | Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz) dokumentalaren emanaldia
- 12:30-14:30 | Irati (Paul Urkijo) filmaren emanaldia
- 14:30-15:00 | Tears of Bukhara (Markel Goikoetxea Markaida) lanaren aurkezpena
- 15:00-16:30 | Trash filmaren emanaldia, Zineuskadiren eskutik
- 16:30-18:30 | Karpeta Urdinak (Ander Iriarte) filmaren emanaldia
- 18:30-19:00 | Noizko basoa (Mikele Landa Eiguren) film laburraren emanaldia
- 19:00-20:00 | Pelikula baten bila (Lara Izagirre) sorkuntza proiektuaren aurkezpena
- 20:00-21:00 | Latsariak (Estibaliz Maguregi) dokumentalaren emanaldia
Abenduaren 11n:
- 11:00-12:30 | Azken dantza maisua (Mikel Alvarez Sarriegi) dokumentalaren emanaldia
- 12:30-13:30 | Intsumisoa Bergaran, desobedientziarako bide bat (Aitor Alberdi Garralda) dokumentalaren emanaldia
- 13:30-14:30 | Itsasoak pizten gaitu (Beñat Gereka) dokumentalaren emanaldia
- 16:00-17:30 | Gesto (Xuban intxausti) dokumentalaren emanaldia
- 17:30-18:30 | Ilunetik Argira (Markel Onaindia Txabarri) dokumentalaren emanaldia
Durangoko Azokari buruzko informazio osatua, hemen.