2022ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte asteburuan Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin den ekitaldian. Merezimendua jaso duten profesionalen artean, Iratxe Fresnedak eskuratu du ikus-entzunezkoen kategoriari dagokiona.
Lauaxeta Ohorezko Sariketaren helburua bereziki Bizkaian eta oro har munduan euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzea da, merezimendu handiko jarduera horiek sarituz eta hedatuz, ahal den neurrian gizartea euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen.
Bide horretan, sarituek euskara nazioartean zabaltzeko egindako lana goraipatu du zuen Rementeriak ahaldun nagusiak: “Guztiek egiten duzue euskara handi eta, batez ere, herritarrei berau erabiltzeko baliabideak eskaintzen dizkiozue. Hori da kontua, azken finean, hautatzea zein hizkuntza nahi dugun gure egunerokoan”. “Bizkaian euskaraz aritzen garenon hiztun-komunitatea indartsua da”, erantsi zuen, “baina indartsuagoa nahi dugun; erabilera nonahi: kalean, etxean eta lagunartean. Lanean, aisian, edonon; batez ere, edonon. Eta hizkuntza atzerrian ere ezaguna izatea”.
Hain zuzen ere, Rafael Yuste, Laura Bate eta Hanna Lantto izan dira nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean egindako lan luze eta emankorragatik sarituak izan diren norbanakoak. Komunitate zientifikotik, kasu honetan Columbiako Unibertsitatean (AEB) euskarari prestigioa emateko egin duen lanagatik saritu dute Rafael Yuste; Jose Gabriel Anituak jaso du saria, Laura Bate ordezkatuz, Buenos Airesko (Argentina) Euskal Etxeak egindako lanagatik; eta Turkuko Unibertsitatean (Finlandia) irakurle-programak garatzeagatik eta atzerrian euskararen erabilera sustatzen egindako lanagatik jaso du bere saria Lanttok.
Bestalde, Itziar Ugartek eta Aritz Gorrotxategik jaso dute Poesiako Lauaxeta Saria, euskarazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko ematen dena, 35 urtetik beherakoen zein gorakoen kategorietan, hurrenez hurren.
Iratxe Fresneda
Ikus-entzunezkoari dagokionean, Iratxe Fresneda zinemagilea saritu dute, estreinatu berri duen Tetuan lanagatik. Epaimahaikideek nabarmendu dute lan hau memoria historikoaren parte dela: “Protagonistak jatorri askotakoak dira, iraganeko garai batekoak eta egungoak, baina denek migratu behar izan dute. Dokumentalak agerian uzten du bizipen-lotura uste baino estuagoa dela, eta egungo migratzaileek geroko euskal memoria historikoa osatzen dutela. Hausnarketak egungo eta etorkizuneko euskal gizarte integratzaile eta solidarioaren aldeko ikuspegi baikor eta itxaropentsua ere jasotzen du”.