Dock of the Bay – Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiak 2023ko maiatzaren 1etik 6ra ospatuko duen 16. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu du. Nazioarteko film luze eta laburren lehiaketara lanak bidaltzeko epea martxoaren 15ean bukatuko da.

COVID-19 gaitzaren agerpenaren eraginez, urtarriletik ekainera atzeratu behar izan zuten 2021eko Dock of the Bay jaialdia, eta 2022ko edizioa ere udaberrian egingo zutela erabaki zuten antolatzaileek. Aurten ere datak mantetzea erabaki dute, eta dagoeneko zabalik da lanak aurkezteko deialdia.

Martxoaren 15era arte, FestHome eta Film Freeway plataforma digitalaren bidez eman daiteke izena, eta apirilaren 1etik aurrera jakinaraziko dituzte hautatutako proposamenak. Film laburren (30 minutu baino gutxiagoko lanen) eta film luzeen (60 minututik gorakoen) atalak bereizi dituzte, eta azkeneko 12 hilabeteetan ekoitzitako lanak baino ez dituzte onartuko. Jaialdiak, halaber, bi sari banatuko dituela iragarri du: 2.000 euroko balioa duen film luze onenaren garaikurra, eta 1.000 euroko baliodun film labur onenarena. Gainerako sariak zehazteke daude oraindik.

Ezagutu Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiaren 16. Edizioan parte hartzeko oinarriak eta baldintzak, hemen.