Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa egileen proiektu zinematografikoak aukeratu dituzte 2023ko Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan. Zortzi asteko egonaldia egingo dute, bi garai desberdinetan banatuta.

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus-entzunezko proiektuen egoitza- eta garapen-programak nazioartean sendotzea lortu du, eta, 2015ean sortu zenetik, guztira ikus-entzunezko 38 proiektu babestu ditu. Proiektu horien erdiak burutu dira, eta, kasu askotan, mundu guztiko zinema eta jaialdietan estreinatu.

Bada, 9. ediziora itzulita, 2023ko egoitzetarako inskribatutako 348 proiektuetatik hamaika EQZE kategoriakoak dira, hamaika Nest sailaren kategoriakoak, hamalau EAEko kategoriakoak, 118 Espainiako zinemagileen kategoriakoak eta 194 nazioarteko kategoriakoak. Horien artean, ondorengoak dira Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan hautatutako sei tituluak.

  • EQZE: Ulysses, Hikaru Uwagawa.
  • NEST: After the night, the night, Naomi Pacifique.
  • EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA: La última noche de un Erasmus en Roma / An Erasmus Student’s Last Night in Rome (Erasmus baten azken gaua Erroman), David Pérez Sañudo.
  • ESPAINIA: Claros de bosque / Forest Clearing (Basoko argiak), Maddi Barber.
  • NAZIOARTEKOA: I Can Hear Your Voice… Still, Sameh Alaa.
  • NAZIOARTEKOA: Te amo y hoy todo es hermoso / I Love You and Everything is Beautiful, María Alché.

Programak zortzi aste iraungo du, eta bi egonaldi egingo dituzte parte-hartzaileek. Martxoaren 6an iritsiko dira sei zinemagileak Tabakalerara, eta, bertan –Artisten Gunean, zehazki–, apirilaren 16ra arte lan egin ahalko dute euren proiektuen garapenean. Epe horretan, haien premietan oinarrituta, proiektu bakoitzerako berariaz aukeratutako profesionalen eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Ekainean, egoiliar bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko.

Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, Elamedia Euskadi postprodukzio-enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.

Ikusmira Berriak programak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) ikus-entzunezko proiektuak sortzeko eta garatzeko laborategientzako laguntzak jaso ditu 2022. eta 2023. urteetarako, Ikus-entzunezko Sektorea bultzatzeko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Plan horren helburua da indartzea laborategiak, inkubagailuak, egoitzak, plataformak eta antzeko ekimenak, idazketa- eta garapen-fasean proiektuak bultzatzen dituztenak, ekoizpenetan kalitate handiagoa lortzeko eta merkatura eta publikoarengana hobeto iristeko, haien zirkulazioa eta errentagarritasuna bermatuko dituzten kondizio egokiekin. Laguntza horiei esker, Ikusmira Berriak programak bikoiztu egin du egoitzako proiektuetarako laguntza ekonomikoa, eta zinemagile bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu bere proposamenean lan egiteko, orain arte ematen ziren 5.000 euroen ordez.