70. Donostia Zinemaldiko Sail Ofiziala konkistatu ostean, asteburu honetan zinema-aretoetan estreinatuko duten Suro (2022) filmaren xehetasunak eta sekretuak ezagutzeko aukera izango da Tabakaleran. Abenduaren 10ean egingo dute saioa, noski, Mikel Gurrea zuzendariaren parte hartzarekin.

Tabakalera zinema ikasgela bat ere bada. Maiz aldarrikatu dute espazioaren kudeatzaile eta arduradunek:  Zinema-eskola bat bada (Elias Querejeta Zine Eskola), eta haren klase askok pantaila partekatua dute oinarri. Aurkezpenenak, gonbidatuak, proiekzioak testuinguruan kokatzeko hitzaldiak edota publikoarekiko topaketak izaten dira eguneroko eskola. Gainerako bazkideek ere, aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak eskaintzen dituzte bertan, eta horietako gehienak publikoari zabaltzen zaizkio.

Bada, eragileen arteko sinergia horretatik jaio zen 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak eta, hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bestela esanda, sortzaile gonbidatuek euren obretako bat izango dute hizpide, disko gogorren karpetak eta ia inoiz modu kolektiboan ikusten ez diren baina beraien lanaren B aldea osatzen duten materialak erakustean: casting-probak, kamera-probak, gidoi-bertsioak, muntaketa-bertsioak, eszena ezabatuak, prozesuaren zalantzak, eraginak, casting-erabakiak, idazketa-tratamenduak, eta abar. Saio bakoitzean, film baten sormen prozesua izango dute hizpide, filma beraren emaitza baino.

Mikel Gurrea

2016an Ikusmira Berriak-en bizi zela grabatutako elkarrizketa batean, Mikel Gurreak hau dio: “Bi irudi daude nire erretinan uda batean Alt Empurdán kortxoa zuritzen eman nuenetik. Baina, batez ere, bat dago filmean esploratzea interesatzen zaidan tentsioa kontzentratzen duena. Irudia aizkora bat da, pikaza bat, artelatz baten azalari indarra emanez, baina zuhaitzari minik eman gabe. Aizkora iltzatzen den bakoitzean, azala pixka bat altxatu eta zuritu egiten da. Azkenean, zuhaitzaren barne-enborra aurkituko dugu. Enborra haragi bizitan egongo litzateke, gorria da eta izerdituta eta ia odoletan dago. Irudi horrek, zapaltzen den zuhaitz horren irudiak, ateratzen den azal horren irudiak, kontu handia eskatzen duen teknika zahar batekin, baina, aldi berean, zuhaitza bortxatzen duen teknika batekin, filmaren tentsioa kontzentratzen du, barnekoaren eta kanpokoaren arteko tentsio hori”.

Mikel Gurrea donostiarrak oroitzapen horretatik tiraka hasi zuen 2016an bere lehen film luzearen proiektua, Ikusmira Berriak programaren egoiliar gisa; sei urte geroago Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu du, Fipresci saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal gidoigileen elkartearen saria eskuratuz.

Bada, Zinema Mintzatuaren saioan, bere lehen film luzea egiteko prozesuaren sekretuak partekatuko ditu publikoarekin. Alegia, filmaz baino, sormen-prozesuaz arituko da bertaratuekin, irudiek aurrez eskainitakoari  kontakizuna gehituz.

Abenduaren 10ean egingo dute saioa, 19:00etatik aurrera, Tabakalerako Zinema-aretoan. Eskuratu saioko sarrerak, hemen.