Gabon garaiaren gertutasuna medio, eta eduki kulturalen sare komertzial eta banatzailea indartu asmoz, 8.700 kultura bonu jarriko ditu salgai Gipuzkoako Aldundiak. Liburu dendetan literatura, musika eta zinema erosteko balio dute, eta 60tik gora establezimenduk egin dute bat kanpainarekin.

GFAren Kultura Departamentuak kulturaren gozamena sustatu, saritu eta fidelizatu nahi du, eta eduki kulturalen sare komertzial eta banatzailea indartu, Gipuzkoako gizarte moderno eta kulturanitzari dagokion kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen duten liburu-denden gisara. Helburu horren baitan kokatu dute beste urte batez Kultur bonuen gabonetako kanpaina: 80.000 euro, 64 establezimendu eta 8.700 bonu, kultura sustatzeko eta oparitzeko.

Maria Jose Telleria Kulturako diputatuak adierazi du “eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten establezimenduei, kanpaina honetan konfiantza izan baitute berriro, urte osora zabaldu nahi dugun kulturaz gozatzeko irrika kutsakorra sortzen baitu. Ahalik eta pertsona gehienek bonuaz baliatzea eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatzea nahi dugu”.

Bada, guztira 8.700 kultura bonu jarriko dira salgai: 2.700 euskarazko kultur produktuetarako izango dira; eta 6.000, beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko.  Horretarako, Kultura Departamentuak 80.000 euroko partida bideratu du.

Halaber, lurralde osoko 64 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin. Atxikitako establezimenduek bereizgarri bat izango dute, bonua erosi nahi duten pertsonek erraz ezagutzeko modukoa, eta erosketa egin den establezimendu berean kontsumitu beharko da abenduaren 2tik aurrera.

Kultura bonuek bi modalitate izango dituztela ohartarazi dute:

  • Euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria, 12 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketak eginda.
  • Beste hizkuntza batzuetako kultura produktuen bonuaren hobaria, 8 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketa eginda.

Ezagutu kanpainaren xehetasunak, hemen.