Irailean erakundearen lagun izandakoei omenalditxoa egin ostean, ziklo, elkarlan eta atzera begirako oso bereziei eman zioten paso urrian. Azaroan ere jarraipena izan zuten askok, eta abenduan, erakundeak agur esango dio urteari, indartsu.

Nafarroako Filmoteka-abendua

Roberto Rosselliniren film nabarmenenekin osatutako atzera begirakoaren bigarren film sorta eskainiko dute asteazkenero, 19:00etan. Erregimen faxista 1945ean amaitu zenean, Erroma askatu eta bi hilabetera, Roma, città aperta hasi zen prestatzen zinemagile italiarra, gerora gerraren trilogia bezala ezagutuko zenaren lehen zatia. Bada, filma ikusi ostean, txundituta geratu zen Ingrid Bergman aktore suediarra, eta gutun bat bidali zion Rosselliniri, berarekin lan egin nahi zuela erregutuz. Pantailaren bi aldeetan izan zuten harremana zinemaren historiara pasa da. Bikote izan ziren, eta elkarrekin errodatu zituzten Stromboli, terra di dio (1950), Europa 51 (1951) eta Viaggio in Italia (1954). Harremana hautsita, zinemagileak bestelako norabide bat hartu zuen, eta horren emaitza dira Il general della Rovere (1959) eta India: Matri Bhumi (1959), besteak beste. Horiek denak, ikusgai izango dira abenduan, Nafarroako Filmotekan.

Egitarauari gaur bertan ekingo diote, eta bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eustea helburu duen atalarekin. Marga Gutierrezek zuzendutako Ama-Das (2022) dokumentala 19:30ean pantailaratuko dute, eta zinemagileak berak aurkeztuko du. Hurrengo ostegunean, aldiz, Contravando y Evasión en el pirineo navarro (Eugenio Monesma, 2022) egongo da ikusgai, eta hilaren 16an, Nafarroa Zinemaren Lurraldea programan hautatutako 10 lanak erakutsiko dituzte.

Bestalde, Jack Arnold errealizadorea hil zela 30 urte beteko direla jakitun, Hollywoodeko estudioen agindupean zuzendu zituen lau lan berreskuratuko dituzte ostiraletan: Creature from the Black Lagoon (1954), The Incredible Shrinking Man (1957),  No Name on the Bullet (1959) eta The Mouse that Roared (1959).

Azkenik, Ateneok aurkezten du… atalean, AEBetako 16. presidentea eta kargua eskuratzen lehena izan zen hautagai errepublikanoa izango dute gogoan, esklabotza amaiarazi zuena: Abraham Lincoln. John Fordek zuzendutako Young Mr. Lincoln (1939) abenduaren 22an, 19:30ean egongo da ikusgai, eta Mikel Zozayak aurkeztuko du saioa.

Emanaldietarako sarrera orokorrak 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte. Nafarroako Filmoteka eta saio berezietarako sarrerak, aldiz, euro bat balio du.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urrirako prestatu duen egitaraua, hemen.