Maider Oleagaren Irrits (2022) eta Lide Mikele Billelabeitiaren Erein (2021) laburrak emango dituzte gaur, 19:00etatik aurrera, Donostiako Tabakaleran. Proiekzioen ondorengo solasaldia egongo da, zuzendarien beraien eta Mirari Echavarriren parte-hartzearekin.

‘Hasieratik. Zinema Feministaren Historiak’ zikloaren II. edizioaren baitako emanaldia da honakoa. Zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu diren errealitateak berreskuratzeko helburua du ekimenak, emakumezko zinemagileak eta haien filmak ezagutarazteko eta balioan jartzeko. 2020ko lehen edizioan ibilbide kronologiko bat proposatu zuten, baina aurtengo filmen artean harreman bat eraiki nahi izan dute programatzaileek, egile bakoitzaren zinemagintzan murgiltzeko tartea hartuta. Hala, hilabete bakoitzeko saio bat proposatu dute, apirilean hasi eta ekainera arte lehenik eta, uda ostean, urtea amaitu bitarte.

Bada, emanaldi bikoitza izango da gaurkoa. Alde batetik, Maider Oleagaren Irrits (2022) eta, bestetik, Lide Mikele Billelabeitiaren Erein (2021) laburrak izango dira ikusgai. Saioak bi zuzendarien parte-hartzea izango du gainera: film bakoitza aurkezteko tartea izango dute eta, ostean, solasaldia egingo da Mirari Echavarriren parte hartzearekin.

  • Irrits (Maider Oleaga, 2022) – 15 ‘

Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.

  • Erein (Lide Mikele Billelabeitia Uriarte, 2021) – 26 ‘

Bi neskek Ereñozar mendian gora egiten dute, bata bestea bizkarrean kargatuz. Kontraesana oinarri, bi gorputzak korapilatu egingo dira, bai elkarri aurka eginez bai elkarlanean arituz, bata bestearen zama eta euskarri bihurtuz. Horrela, paradoxikoki, bideoa dantza edota borroka baten testigantza da. Piezak gorpuztasuna, baterako ahalegina, absurdoa, naturarekiko erlazioa, denbora eta ekintza bezalako parametroak aztertzen ditu. Ibilbidean zehar, harreman bikoitz bat ereiten da eta bi neskak gorputz bakar batean antzaldatuko dira, haien eta ingurunearen arteko sinkroniarantz aurrera eginez.

Eskuratu sarrerak, hemen.