Kepa Junkera trikitilari bilbotarraren gainditze istorioa ezagutzera ematen duen eta bere ondarea birpasatzen duen filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko dute abenduaren 2an, eta datozen asteetan ere zabalkundea izango du.

Berpiztu kartela-zinea

2020. urtearen amaieran Fermin Aio egilea Oliene baserrira joan zen Kepa Junkera musikaria bisitatzera. Busturialdeko etxea izan du musikariak gotorleku 2018. urtean iktusak jota erretiroa hartu behar izan zuenetik. Gertukoek diotenaren arabera, erupzioan sartzear dagoen sumendi-indar horri eusten dio oraindik musikariak, eta hala baieztatu du Aio berak artistaren figura, lana eta sortzeko grina omentzeko sortu duen pieza dokumentalean.

Bi urtetik gorako lana eskatzen ari zaionean dago murgilduta orain: errehabilitazio latza. Gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, burua biratzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Bide horren, hunkidura doinu horren kontakizuna da Berpiztu.

70. Donostia Zinemaldiaren EITB Galaren abaroan aurkeztu zuten aurrenekoz jendartean, eta Bilbon erakutsi zuten, urriaren 20an, Junkera bera bertan zela. Asteburu honetan, aldiz, Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetara iritsiko da, eta datozen asteetan ere zabalkundea izango du.

Abenduaren 2tik 8rako astean:

  • Donostia: Principe aretoa
  • Elgoibar: Herri Antzokia
  • Bergara: Herri Antzokia
  • Zumaia: Aita mari zinema
  • Bilbo: Multicines aretoa
  • Gasteiz: Florida zinemak
  • Lizarra: Los Llanos zinema
  • Iruña: Golem zinemak

Abenduaren 9tik 15erako astean:

  • Durango: Zugaza zinema
  • Lekeitio: Ikusgarri aretoa
  • Bermeo: Nestor Basterretxea aretoa
  • Azkoitia: Bakartxo aretoa

Abenduaren 16tik 22ra bitartean:

  • Zeberio: Udal Antzokia
  • Hernani: Udal Antzokia
  • Basauri: Sozial Antzokia
  • Altsasu: Iortia aretoa
  • Eibar: Coliseo aretoa

Irakurri ZINEAko Ines Arrue kideak filmaz idatzitakoak, hemen.