2023ko otsailaren 11n banatuko ditu Espainiako Zinemaren Akademiak 2022ko ekoizpen onenak nabarmentzeko 37. Goya sariak. Sevillako FIBES Jauregian gauzatuko dute hitzordua, eta bertatik ezagutarazi dute Fernando Méndez-Leite erakundeko presidenteak eta Blanca Portillo zein Nora Navas aktoreek errekonozimenduak jasotzeko behin betiko hautagaien zerrenda. Aurten, aurrenekoz, kategoria guztietan bost lehiakide izango dira. Gala Antonio de la Torrek eta Clara Lagok gidatuko dute.

Goya 37-izendapenak-zinea

As bestas eta Modelo 77 ageri dira denen buru. 17 hautagai ditu Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako filmak, eta 16 Alberto Rodriguezen lanak. Alcarràs-ek (Carla Simon) eta Cinco lobitos-ek (Alauda Ruiz de Azúa), aldiz, 11. Denek ere, La Maternal (Pilar Palomero) ekoizpenarekin betera, film onenaren saria jasotzeko aukerak dituzte. Baita zuzendari onenarena ere, zinemagile barakaldarrak ezin. Izan ere, zuzendari berrien kategorian sartu du Akademiak Ruiz de Azúa, eta berak utzitako tokia Carlos Vermutek hartu du (Mantícora).

Euskal zinemagintzak ordezkaritza sendoa izango du 37. Goya sarietan. Malagako Jaialdiko 25. edizioan hainbat garaikur irabazi zituen Cinco lobitos-ek kategoria garrantzitsuenetan lortu ditu hautagaitzak. Aipatutakoez gain: emakumezko aktore protagonista onena (Laia Costa), taldeko gizonezko aktore onena (Ramon Barea), taldeko emakumezko aktore onena (Susi Sánchez), aktore berri onena (Mikel Bustamante), jatorrizko gidoia (Ruiz de Azua), argazki zuzendaritza (Jon D. Domínguez), soinua (Asier González, Eva de la Fuente López, Roberto Fernández), ekoizpen zuzendaritza (María José Díez) eta muntaketa (Andrés Gil).

Bestalde, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean nagusitu den Paul Urkijoren Irati proiektu epikoak arlo teknikoetan lortu ditzake aitortzak: abesti onena (Arantzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Urkijo), jatorrizko soinu banda (Calleja eta Arroitajauregi), jantzien diseinua (Nerea Torrijos), efektu bereziak (Jon Serrano eta David Heras) eta egokitutako gidoi onena (Urkijo). 33. Astean ere ikusgai izan den Unicorn Wars (Alberto Vazquez) animaziozko lanen atalean sartu dute, eta Joseba Beristainek sortutako Batalla kanta, abesti onenarenean.

Asteburu honetan bertan zinema aretoetara iritsiko den Suro-k bi hautagaitza ditu. Mikel Gurrea zuzendari berri onenaren kategorian sartu dute, eta Vicky Luengo emakumezko aktore protagonista onenarenean. Gainera, euskal parte hartzea duen La consagración de la primavera-n (Fernando Franco) aritu den Telmo Iruretak gizonezko aktore berri onena izateko aukerak dauzka, eta Valeria Sorolla emakumezko aktore berri onena izendatua izatearenak. Bi lanak 70. Donostia Zinemaldian aurkeztu ziren.

Bakarrarekin ere, aurrera

Fermin Muguruzaren Black Is Beltza2: Ainhoa eta Nuno Beato portugaldarraren Os demos de barro (Basque Films) proiektuak animaziozko film luzeen kategorian dira Goya saria irabazteko hautagai; Gaizka Urrestiren Labordeta, un hombres sin más lana, aldiz, dokumentalen kategorian.

Fernando Velazquez musikaria enegarrenez gerturatuko da ekitaldira. Oraingo honetan, Los reglones torcidos de Dios filmeko soinu banda sortu du. Bestetik, As bestas zerrendaburuaren soinuaz arduratu den Aitor Berenguer bilbotarra ere Sevillan izango da. Egokitutako gidoi onenaren atalean sartu dute, gainera, No mires a los ojos (Félix Viscarret iruindarrak David Muñozekin idatzitakoa).

Film laburren sailari dagokionez, Uniko ekoiztetxearen Loop (Pablo Polledri) eta Amanece la noche más larga (Carlos Fernández de Vigo eta Lorena Ares) animaziozko atalean, Raul de la Fuenteren Maldita. A lvode song to Sarajevo, dokumentalen atalean, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas fikziokoan.

Ezagutu zerrenda osoa, jarraian.