FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Bilboko Udalak antolatuta, 2023ko maiatzaren 5etik 13ra ospatuko du 29. edizioa. Prestaketa lanetan hasiak dira, eta zabaldu dute jada bertan parte hartzeko lanak aurkezteko epea.

Lanak jasotzeko epea otsailaren 5ean, igande betez itxiko da, eta lanak aurkezteko prozesuaren oinarriak eta xehetasun guztiak jaialdiaren webgunean kontsulta daitezke jada. Filmak Movibeta edo FestHome webguneen bidez aurkeztu beharko dira.

Antolatzaileek iragarri dutenaren arabera, 2023ko edizioan FANT Zinemaldiak bere sariei eutsiko die. Film luzeen arloan, Sail Ofizialeko Film Luzerik Onenaren saria (3.500€), eta Panorama Fantastikoa Saileko Film Luzerik Onenaren saria (2.250€) banatuko dituzte.  Bestalde, metraje laburreko lanei dagokienean, Film Labur Onenaren Saria (3.000€, epaimahaiaren irizpidearen eta publikoaren irizpidearen arabera) eta Euskal Film Labur Onenaren Saria (2.000€) banatuko dira ere. Halaber,  Panorama Fantastikoa Saileko Film Labur Onenak 1.500€-ko saria jasoko du.

Gainera, Jaialdiak Sail Ofizialeko film luzeen ohorezko sariak mantenduko ditu: Euskal Gidoilarien Elkarteak emandako Gidoi Onenaren Saria eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria, FAS Cine Clubak ematen duena; baita Publikoaren Saria Sail Ofizialeko Film Luze Onenari ere.

Amaitzeko, FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak ere FANTROBIA Saria emango du. Edizio bakoitzean, azken urteotan fantasiazko zinema-generoan goraka doan balioa ordezkatzen duen pertsona bati ematen zaio sari hori.