Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarraren atzera begirakoak jarraipena izango du abenduan ere, eta horrez gain, bi ekoizpen garaikide pantailaratuko dituzte: Nobel sariduna den Annie Ernaux idazlearen film pertsonala, eta “harrituta eta aho zabalik” utziko gaituen ekoizpen brasildar bat.

Kresala Zinekluba-abendua 2022-zinea

“Pantaila handiek ikusleen bizitzak argitzen jarraitzen dute, mundu osoko filmak, dokumentalak… proiektatuz. Batzuetan, ez dago atsedenik saio baten eta bestearen artean. Baliteke norbaitek aitortzea estreinaldi gehiegi daudela aldi berean, edo ezin izan duela pelikularen bat ikusi, zinema-aretoak ez duelako haren aldeko apusturik egin. Bada, Kresala Zineklubean tamaina, kolore,… guztietako ekoizpenen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu”.

Ekoizpen zinez interesgarriz hornitu du Kresala Zineklubak 2022 urteko azken zinema eskaintza. Hiru saio prestatu dituzte, ohi bezala, astearteetan gauzatuko direnak, Donostiako Trueba aretoan. Abenduko filmetara gerturatzeko, gainera, ZINEA atariak sarrera bikoitzak zozkatuko ditu.

2022ko Literaturako Nobel Saria jaso duen Annie Ernaux idazlearen proiektu zinematografiko berrienarekin ekingo diote egitarauari abenduaren 13an. Les années Super 8 (2022) dokumentala pantailaratuko dute, 1972tik 1981era bitartean etxean hartutako bideo familiarren bidez osatutako lana. Lur Olaizolak aurkeztuko du saioa.

Hilaren 20an, Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarraren atzera begirakoarekin jarraituko dute. I hired a contract killer (1990) filma eskainiko dute, Jean-Pierre Léaud aktore frantziar ezaguna protagonista duena: Bizitzeko gogorik ez duen gizon batek soldatapeko hiltzaile bat kontratatuko du, bere bizitzarekin bukatzeko asmoz. Baina ustekabean emakume bat ezagutzen du eta ideiaz aldatuko du: bizirik jarraitu nahi du. Kontratatutako hiltzailea aurkitu beharko du honek enkargua bete baino lehen.

Urtea borobiltzeko, Deserto Particular (Aly Muritiba, 2021) ekoizpen brasildarra egongo da ikusgai Trueba aretoan. Kresala Zineklubeko kideek aurreratu dutenez, “harrituta eta aho zabalik utziko gaitu”: Daniel polizia-akademiako instruktorea da, eta bertan behera utzi dute barne-ikerketa baten ondorioz. Hori dela eta, herrialdean zehar bidaiatzen ari da, Sararekin benetako topaketa baten bila. Sarak Internet bidez ezagutu zuen.