Zinemapare zinemaldia antolatu dute Baionako Etxepare Lizeoko ikasleek, azaroaren 30etik abenduaren 2ra. Hiru egunetan zehar, euskarazko 18 film izango dira ikusgai, eta 400 ikasletik gora pilatuko ditu jarduerak.

Euskaraldiak 11 egun ditu, eta Etxepare Lizeoko ikasleen borrokak 365. Horrekin ere, erronka eta ekimen berriei ekiteko indarra soberan erakutsi dute beste behin, #PantailakEuskaraz aldarria ikastetxe barrura eramanaz. Bada, Zinemapare zinemaldia egingo dute bihartik hasita ostiralera bitartean. Bi gela handi zinema-areto bilakatu dituzte; proiektore zein soinu euskarriak ipiniz eta argi sarrerak ekiditen. Hiru egunetan zehar, euskarazko 18 film izango dira ikusgai bertan eta 400 ikasletik gora batuko dira ekimenera.

Ekimenerako sarbidea ikastetxeko ikasleentzako mugatu dute, alegia, ez dira emanaldi publikoak izandu. Horrekin ere, harrera itzela izan du zinemaldiak eta denbora gutxian banatu dituzte sarrerak. Ikasle bakoitzak bi film ikusteko aukera izango du gehienez, klase orduak errespetatze aldera.

Ondorengoa da atondu duten film eskaintza:

  • Paperezko Hegoak (Samara Velte eta Josu Martinez, 2021)
  • Beste egun bat bizirik / Another day of life (Raul de la Fuente eta Damian Nenow, 2018)
  • Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga, 2018)
  • Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014)
  • Erraiak (Ekain Martinez de Lizarduy, 2018)
  • Eskola bizitza (Grand Corps Malade eta Mehdi Idir, 2019)
  • Xora (Peio Cachenaut, 2012)
  • Phantom Boy (Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnol, 2015)
  • Gartxot (Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi, 2011)
  • Urte berri on, amona! (Telmo Esnal, 2011)
  • Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017)
  • Errementari (Paul Urkijo Alijo, 2017)
  • Amama (Asier Altuna, 2015)
  • Lucio (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, 2007)
  • 80 egunean (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2010)
  • Hil Kanpaiak (Imanol Rayo, 2020)
  • Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020)
  • Bertsolari (Asier Altuna, 2011)