Marina Palacio zinemagile gazte donostiarraren Y así seguirán las cosas proiektuak ‘Most Promising Project’ saria irabazi du Estoniako Tallinn Black Nights FF jaialdiaren baitako Industry Tallin & Baltic Event jardueran.

“Narrazioa osatzerako orduan darabilen foku ausarta eta bereziagatik, pozik saritzen dugu egilearen opera prima izango den Y así segirán las cosas proiektua”, adierazi du Estoniako Tallinn Black Nights FF jaialdiaren baitako Industry Tallin jarduerako epaimahiak, “Gelditzen zaion biderako onena opa diogu Marina Palaciori; filma amaiturik ikusteko desiatzen gaude”.

Ya no duermo (Kimuak 2020) bere lehen lanaren ildotik, landa eremura hurbildu da beste behin ere Palacio. Palentziako herri hustu batean bizi den haurra da German protagonista, filmak aurrera egin ahala 7 urte izan arte gaztetzen joango dena. Bizilekua duen 29 biztanleko herrixkan gelditzen den gazte bakarra da German, paisaia lauez inguratuta dagoen eremuan galduta. Urteen igarotzearekin, behinola herritik joandako umeak iltzultzen joango dira.

“Nire aita eta niretzat, zinema jolasa da; haren bitartez denbora gelditu eta zahartzea ekidingo bagenu bezala”,  azaldu du Palaciok. Hain zuzen, bere aitaren laguntzarekin landu du Y así segirán las cosas film luze proiektuaren gidoia. Bere aldetik, jaialdiaren antolakuntzari eskerrak eman dizkio proiektuaren babesle den Gariza Films ekoiztetxeak bere sare sozialen bidez: “Eskerrik asko antolakuntzari esperientzia ahaztezin honengatik. Plazer handia izan da egun hauek zuenean igarotzea”.