Aita Mari itsas salbamendu lanak egiten dituen barkuaren jarduna izango da Donostiako Itsas Museoak antolaturiko urteko azken Ontziratu zaitez topaketaren protagonista. Javi Julio argazkilari ezagunak parte hartuko du solasaldian.

2021ean ospatutako Donostiako 18. Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuen Javi Julio argazkilari eta kazetari donostiarrak Aita Mari dokumentala, izen bereko itsasontziaren jarduna ezagutarazi asmotan. Bestela esanda, Stella Maris Berria izandako hegaluze itsasontzia zaharberritu, boluntario-sarea osatu eta Aita Mari izenez batailatutako ontziak Getariatik Pasaiara, baina batez ere, Euskal Herritik Mediterraneo itsasora, nola bidaiatu zuen kontatuko du Atera Filmsek ekoitzitako lanak.

2015ean Greziako Lesbos uhartera Afrika iparraldeko herrialdeetako errefuxiatuak iristen hasi zirenean egin zuen auziak eztanda, eta hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) berehala hartu zuten gerratik ihesi Europa helburu duten gizon-emakume zein haurrak erreskatatzeko ardura.

Tartean, Iñigo Mijangosi eta Iñigo Gutiérrezek, besteak beste, sortutako Itsas Salbamendu Humanitarioa taldeak. Hala, Julio zinemagilearekin harremanetan jarri, eta bi urte luzez, auzolanean, herritarren laguntza eta konpromiso desinteresatua medio, martxan jarritako proiektua hasiera-hasieratik dokumentatzeko eskatu zioten. Itsasontziak 400 pertsona baino gehiago erreskatatu ditu misioa martxan jarri zutenetik.

Bada, dokumentala iazko abenduaren 3an estreinatu zuten zinema-areto komertzialetan. Eta tartean, Eivissako Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian zein Malagako Giza Eskubideen Zinemaldian erakutsi dute.

Azaroaren 30ean, hitzordua Itsas Museoan

Bada, itsas salbamendu lanak egiten dituen barkuaren jarduna izango dute hizpide bihar, azaroaren 30ean, Javi Julio zuzendariak berak eta Edou Thiam ontziko lankideak. Saioa 19:00etan abiatuko da Donostiako Itsas Museoan, eta 3€-ko prezioa izango du.