Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura Sailburu Bingen Zupiriak Hamaika Telebistan euskarazko ikus-entzunezkoei buruz egindako adierazpenak gaitzetsi ditu Pantailak Euskaraz ekimenak. Zupiriaren “itsutasun estrategiko nabariak” eragindako kezka eta ezinegon larria salatu dituzte.

“Iruditzen zaigu Bingen Zupiriaren adierazpenok itsutasun estrategiko nabaria agerian uzten dutela, eskari bidezko ikus-entzunezkoen kontsumoa jendartearen adin tarte guztietan zabaldua dagoen garaiotan, diglosia mediatiko bortitzean, eta, UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak eta beste hainbat eragilek egindako ikerketa soziolinguistikoek ikus-entzunezkoek hizkuntza gaitasunean eta hizkuntzaren erabileran eragin nabaria dutela ondorioztatu dutenean”, azaldu dute prentsari zabaldutako oharrean. Ekimena babesten duten kideen iritziz, ikus-entzunezkoen eskaintza erraldoi eta masibo horren baitan, erakundeei dagokie euskarazko eskaintza sendo eta duina bermatzea. Hala ez egitea “arduragabekeriaz jokatzea litzateke”, eta, euskaldunoi hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, “euskarari kalte konponezina eta itzulezina eragingo lioke”.

Bada, Pantailak Euskarazek arazoaren muinera jotzeko galdegin dio sailburuari; erakundeetatik euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustu irmoa egin dezaten eta, hala, euskara bigarren mailan dagoen hizkuntza izan ez dadin. Horren adierazle ukaezina da EITBtik eta Kultura Sailetik ikus-entzunezkoetara bideratzen diren aurrekontu eta diru-partiden zatirik handiena gaztelerazkoetara bideratzea.

Argitu dute, bestalde, erakundeetatik ez dela azpidatzien aldeko apustu argirik egin. Horren lekuko dira Euskal Telebista, batetik — euskarazko azpidatziak ez baitira telebista publikoan inondik ere ageri —, eta, zinema-eskaintza, bestetik — zinema-aretoetara filmak jatorrizko bertsioan ikustera doanak filmok gazteleraz azpidatzita aurkitzen baititu soilik. Izan ere,  Movistar Plusekin 2014an sinatutako eta gaur egun indarrean dagoen akordioa da ikus-entzunezko edukiak euskaraz azpidazteko Jaurlaritzak eman duen urrats bakarretakoa.Salatzaileen aburuz, hori ere ez da nahikoa. “Ez-nahikoa iruditzen zaigu erakundeetatik ez delako arduraz jokatu; edukiok azpidatzi eta gero, azpidatzi horiei ez zaielako behar bezalako tratamendurik eman, ez zaie inolako ikusgarritasunik eta zabalkunderik eman”.

Euskarazko ekoizpenari dagokionean ere, Pantailak Euskarazek salatu du Jaurlaritzako Kultura Sailak ez dituela euskarazko ekoizpenak behar besteko irmotasunez lehenesten. “Gogora ekarri nahi dugu, azken hamalau urteotan, EITBk parte hartu duen 208 ekoizpenetatik, soilik 70ek izan dutela jatorrizko bertsioa euskaraz; hau da, EITBk lagundutako lanen heren bat izan dela soilik euskaraz ekoitzia. Aldiz, EITBk lagundutako lanen bi heren gaztelerazko ekoizpenak izan dira”, argudiatu dute.

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza osatzeko, euskararen erabilerak aurrera egiteko eta hizkuntza estandar informala eraiki, berrasmatu eta herritarren artean zabaltzeko euskarazko bikoizketa zutabe ezinbestekoa da Pantailak Euskarazen aburuz. Izan ere, euskaraz ekoizten diren lanek ezin dute bermatu euskarazko eskaintza zabal, sendo eta duin bat, ikus-entzunezkoen merkatu erraldoi horretan: “Euskarazko ikus-entzunezko sektoreak nazioartean leihatzeko moduko talentua, maila eta profesionalak dituen arren, tamaina mugatua du, gure hizkuntza komunitateak bezala; ez du urtean euskarazko 20 filme baino gehiago ekoizteko gaitasunik. Ondorioz, euskara indarberritzeko eta egungo kontsumo ohiturak asetzeko, bertako ekoizpenez gain, nahitaezkoa eta estrategikoa da nazioarteko puntako edukiak euskarara bikoiztea, ETBn astero zinema euskaraz eskainiz, zinemetan eta plataformetan, estreinaldi garrantzitsuenak euskarara bikoiztuta emanez”.

Hala, euskarazko bikoizketa berregituratzeko eta bikoizketa-sektorera duintasuna itzultzeko eskatu diote Zupiriari: “Ez ditzala bikoizketa, azpidazketa eta ekoizpena aurka jarri, osagarriak eta ezinebestekoak baitira hirurak eta ez baitaude inola ere kontrajarrita”. Pantailak Euskarazen ustez herren egongo dira ekoizpena, bikoizketa edo azpidazketa, hiru oinarri horietakoren bat bazter uzten duten proposamenak.

Beraz, Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuari eskatu diote:

– Aintzat hartzeko jendartearen, herri ekimenen eta Euskalgintzako, Kulturako, Hezkuntzako eta Ikus-entzunezkoen arloko hainbat eragileren eskaria, 2021eko abenduan, Durangon, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestukoaren sinadurarekin eta onarpenarekin gorpuztu zena.

– Euskarazko zinemagintza sustatzeko; horretarako, diru laguntza sistema euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenera lehentasunez zuzentzeko; eta, Zineuskadi plataformaren baliabideak euskarazko zinemaren sustapenerako baliatzeko.

– Kultura Sailaren aurrekontu osoaren %2a — Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren %0’05a — lehen mailako nazioarteko edukiak euskarara bikoiztera zuzentzeko, zinema eta streaming plataformetako estreinaldietarako. Zineuskadik urtean euskarara bikoizten dituen 10-12 film horiekin nekez irauliko baitugu egoera.

– Edukien euskarazko azpidatzien erabilera orokortzeko, ikus-entzunezkoen zinemaldi, pantaila eta euskarri guztietan, horretarako beharrezko diren neurriak hartuz.

– Hiru ildoak — ekoizpena, bikoizketa eta azpidazketa — barnebilduko dituzten politikak abian jartzeko eta baliabideak jartzeko. Parlamentuan, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege propioa eta Zinemaren Lege propioa adosteko eta onartzeko, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia parekoa legez bermatuz.

Pantailaldia “ezin positiboagoa”

Azkenik, azaroaren 11tik 18ra, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa (eta ekoizpena) sustatzearen alde egindako ariketa-kolektiboaren, Pantailaldiaren, balorazio ezin positiboagoa egin dute. Izan ere, guztira 423 pertsonek izena eman eta aktiboki parte hartu dute bertan.

Datozen egunetan, parte hartzaile guztiei inkesta bat betetzeko gonbidapena luzatuko diete, ariketa-kolektiboaren balorazioa egin dezaten eta ariketa-kolektiboak euren ikus-entzunezkoen kontsumo ohituretan eraginik izan duen jakiteko.