Ivan Zulueta euskal zinemagilearen pertsonari eta obrari eskainitako erakusketa hartuko du Gasteizko Artium Museoak, 2023ko martxora bitartean. Zinemagileak berak irudiaren inguruan esperimentatuz sortu zuen unibertsoa du aztergai.

Mostrak Zuluetaren filmografiaren izenburu nagusiak biltzen ditu, hain zuzen, horien guztien  alderdi ezezagunenean jarriaz bereziki arreta: filmetako kartelak, disko-azalak, argazkiak, argitalpenak, marrazkiak… Gainera, zinemagileak diseinu grafikoaren alorrean egindako lanaren lagin batzuk ere izango dira ikusgai.  Xabier Arakistainek burutu ditu komisario lanak.

Zuluetaren erretratu hau osatzeko, halaber, haren produkzioa hobeto ulertzen lagun dezaketen hainbat pertsonekin izandako solasaldi eta elkarrizketak ere bildu dituzte: Pedro Almodovar eta Jaime Chavarri, zinemagileak;  Alaska eta Jaime Stinus, musikariak; Cecilia Roth, antzezlea;  Virgina Montenegro, Carlos Astigarraga eta Jaime Zulueta, senideak; eta baita Arrebato (1980) filmean jantzien zein makillajearen arduraduna izandako Jose Alberto Urbieta ere. Haien ekarpenari esker, bisitariek hobeto ezagutuko dute artistak irudiaren inguruan egin duen etengabeko esperimentazio-lana.

Zinemagileari buruz

Ivan Zulueta obra zinematografiko sendo baten egilea da, sendoa eta eragin handikoa ondorengo belaunaldietako errealizadore askorengan. New Yorken egonaldi labur bat egin ondoren, non pop eta underground giroak ezagutu zituen eta harremanetan hasi zen Nouvelle Vague delakoa zein Zinema Amerikar Berriarekin. Horien eraginetik edanda, filmografia esperimentala, ausarta eta zirkuito komertzialetatik aldendutakoa ondo du beti, zinemaren historiako erreferentzia garrantzitsua bilakatuz. Haren ibilbideak 1980an jo zuen gaina, Arrebato filmaren estreinaldiarekin.

Hain zuzen, Artiumek eskaini dion erakusketaren muina 70eko hamarkadako filmez osatua dago: 1971ko Kinkón lanetik hasita 1979ko Arrebato horretaraino. Zinemagile donostiarrak hamar urte horietan egin zituen film laburretan jarriko du fokua erakusketak, hori baita Zuluetaren produkzio ezagunena, baina, baita zinemagileak irudiaren hizkuntzaren inguruan egin zuen berrikuntza eta ikerketa estetikoko iraultza handia hobekien erakusten duena ere.

Zinemagileak sorturiko hamaika dokumentu (argitalpenak, argazkiak, publizitate-gidak, komikiak…), arestian aipaturiko kide zein profesionalen adierazpenak, Zulueta berari telebistan egindako elkarrizketak eta baita hari buruzko bi dokumental ere aurkezten ditu mostrak.

Ivan Zuluetaren asaldura izenburupean, 2023ko martxoaren 5era arte izango da ikusgai.