Azaroaren 28tik abenduaren 2ra bitartean gauzatuko da zinema jaialdi eta merkatua, Buenos Airesen (Argentina), eta Unicorn Wars animaziozko filma erakusteaz gain, garapen bidean dauden hainbat proiektu aurkeztuko dituzte.
Nazioartean arrakastatsu izaten ari dira euskal parte hartzea duten ekoizpenak. Berlinen, Annecyn, Xixonen, Donostia Zinemaldian… lehiatu eta saridun suertatu dira asko, eta itsasoz bestaldera egingo dute bidaia orain. Basque. Audiovisual. plataforma, euskal ikus-entzunezkoen sektorea nazioartean hedatzeko markarekin batera, Buenos Aires hirian (Argentina) ospatu ohi den Ventana Sur festibalean animaziozko zein fikziozko lau proiektu aurkeztuko dituzte.
Gaur hasi eta abenduaren 2ra bitartean gauzatuko da festibala, eta Uniko ekoiztetxe bilbotarraren Unicorn Wars (Alberto Vázquez, 2022) filma izango da ordezkari nagusia, eta lana erakusteaz gain, Ivan Miñambres ekoizleak ‘Unicorn Wars: hartzatxoekin eta adarbakarrekin animaziozko zinema belikoa ekoiztearen epika’ izenburudun hitzaldia eskainiko du abenduaren 1ean, 17:30etik 18:30era, Auditorium 2 aretoan. Filmaren ekoizpen prozesua azalduko du, anbizio handiko nazioarteko koprodukzio honetan gainditutako erronkak eta prozesuak aztertuz. Miñambresek berak eta Unikoko lan-taldeak, gainera, Maria Luquerok esku artean duen Titan Tofu (2022) aurkeztuko dute Anímate! by Spanish Screenings lehiaketatik kanpoko atalean.
Garapen fasean dauden proiektuei dagokienez, Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren eta MIFA azokan ere izan den El sueño de la Sultana (Isabel Herguera, 2022) lanak Animation! Work in Progress atalean parte hartuko du. Donostiarraren proiektua European Work in Progress Cologneren TorinoFilmLab Audiences Design Award saria jasotzetik dator, eta Film Bazaar Recommends (FBR) gomendioen zerrendan hautatu dute.
Azkenik, Latinoamerikaren eta Europaren arteko koprodukzioak sustatzea helburu duen Proyecta sailean, Helena Tabernaren eta Lamia Producciones ekoiztetxearen Us proiektua aukeratu dute. Spanish Screenings On Tour topaketetan, bestalde, Kowalski Filmsek ekoiztutako La consagración de la primavera (Fernando Franco, 2022) pantailaratuko dute, eta 12 filmez osatutako sortaren baitan ere hiru euskal ekoizpen eskainiko dituzte: García y garcía (Ana Murugarren, 2021), El ataúd de Cristal (Hartiz Zubillaga, 2017) eta Pagafantas (Borja Cobeaga, 2009).