Gabi, 8 urtetik 13 urtera filma euskaraz estreinatuko dute azaroaren 25ean, Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskaraz programaren baitan. Engeli Broberg zuzendariaren film suediarra da, eta ohiko gaia ez den nerabezaro aurreko etapan jarriko du fokua.

Gabik Gabi izan nahi du. Desira horrek erraza dirudi, baina ez da. Gabi desberdin sentitzen da, nahiz eta bere bizitzako 8 urteetan gauzak argi esateak ez dion inoiz arazorik ekarri. Familia herri txiki batera joan eta pubertarora iristen denean, gauzak aldatzen hasten dira.

Filma bihartik aurrera proiektatuko da Errenteria Niessen zinema-aretoan eta, abenduko lehen asteburuan Oñatin eta Lazkaoko Areria aretoan.

Zinema Euskaraz programari esker

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programaren zortzigarren estreinaldia izango da,  Ilargirantz, Ainbo: Amazoniako gerraria, Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk, Ama mu, DC Supermaskoten Liga, Unicorn war’ eta Hopper oilaskoerbia filmen ondotik. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Helburu horren baitan kokatzen du bere jarduna Zinema Euskaraz programak.

Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, estreinatuko diren beste film batzuen berri eman du elkarteak. Horien artean, datorren abenduaren 2an iritsiko den Yoko oporretan, Juanjo Elordik zuzendua eta Dibulitoonek ekoitzia; Yuku eta Himalayako lorea; eta  Momias.