AINARAK dokumentala, Anne Etchegoyen abeslari eta konpositorea protagonista duena, bihar helduko da zinema-areto komertzialetara. Madrilen, Katalunian, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan, Maulen eta Aragoiko hainbat txokotan ikusi ahal izango da; hori baino lehenago, aurrestreinaldiak egingo dituzte Gasteizen eta Aragoiko Ansó herrian.
MAFIZetik, Malagako Zinemaldiko industria arlotik, igaro ondoren, publikoari aurkezteko unea heldu da azkenean. Anne Etchegoyen abeslariaren eskutik, 1870 eta 1940 artean, Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek –ainarak izenez ezagutzen ditugunak, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako– Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari heldu diote filmaren egileek.
Espartinen industrian lan egitera joaten ziren eta udaberrian etxera itzuli, familiari laguntzeko edo bere familia osatu eta bizitza berri bat hasteko helburuarekin. Denboran, geografian eta zirkunstantzia historiko eta pertsonaletan zehar egindako bidaia da, artxibo, dokumentu, argazki eta elkarrizketen bidez, eta Annek haien bide bera egingo du filmean zehar.
Dokumentalaren bidez, merezi duten lekua eman nahi diete emakume horiei. Hain zuzen ere, arrazoi horrengatik hautatu dute azaroaren 25a dokumentalaren estreinaldirako data gisa: Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna baita. Etchegoyenek beti azaldu du kausa horrekiko konpromiso argia, besteak beste, hainbat sentsibilizazio-kanpainatan parte-hartuz. Halaber, filmak genero gai bat jorratzen du: emakume gazteen migrazio masibo eta estazionala, lan-arrazoiengatik emandakoa.
Atzo eta gaur aurrestreinaldiak programatu dituzte Gasteizen eta Aragoiko Ansó herrian, eta ostiraletik aurrera, hilaren 25a, ikusi ahal izango da filma Euskal Herriko zein Madrilgo hainbat zinema-aretotan.
Ondorengoak dira, gaur gaurkoz, baieztatutako emanaldiak:
- Azaroak 25, ostirala. Iruñea. Golem Yamaguchi, 18:00. Anne Etchegoyenen zuzeneko emanaldiarekin.
- Azaroak 25, ostirala. Gasteiz. Florida aretoa, 17:30.
- Azaroak 25, ostirala. Donostia. Principe aretoa,19:00.
- Azaroak 27, igandea. Donostia Principe aretoa, 19:00. Anne Etchegoyenen zuzeneko emanaldiarekin.
- Azaroak 27, igandea. Uztarroze, 18:00.
- Azaroak 28, astelehena. Madril. Golem zinema, 18:15.
- Azaroak 28, astelehena. Bilbo. Golem Alhóndiga. 18:15. Anne Etchegoyenen zuzeneko emanaldiarekin.
- Azaroak 29, asteartea. Gasteiz. Florida aretoa, 19:30. Anne Etchegoyenen zuzeneko emanaldiarekin.
- Abenduak 4, igandea. Maule, 17:00. Anne Etchegoyenen zuzeneko emanaldiarekin.
- Abenduak 4, igandea. Erronkari, 18:00.
Dokumentalari buruz
2020ko urritik 2021eko ekainera, kontatu nahi zuten historiaren ezaugarri estazionalak errespetatuz, errodatu zuten filma Nafarroan, Aragoin eta Zuberoako hamaika txoko ikusgarritan: Erronkari, Ansó eta Hecho haranak; Cinco Villas eskualdea; Santa Grazi, Maule-Lextarre, Donapaleu, Bidankoze, Burgi, Erronkari, Izaba, Urzainki, Ezkaroze, Otsagabia, Jaurrieta, Luesia, Juslibol, Zaragoza eta Iruñea.
Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren –Apaiz Kartzela– zuzendaritzapean, eta Marga Gutierrezen gidoiarekin, Anne Etchegoyen da AINARAK filmaren gidari eta protagonista, eta baita jatorrizko musikaren egilea ere. Quim Torrens aritu da argazki-zuzendaria lanetan. Era berean, Ritxi Lizartza eta Rosa García izan dira ekoizle- eragileak.
Maluta* Films eta 601 Producciones taldeen ekoizpena da. Espainieraz, euskaraz, frantsesez eta Aragoieraz filmatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EiTBk parte hartu dute. Filmak 85 minutuko iraupena du.