Larunbatean, hilaren 26an, 37 urte beteko dira Guardia Zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan Mikel Zabalza Bidasoa ibaian hilda agertu zenetik. Urteurrenaren bueltan, Mikel Zabalza Herri Ekimenak jarduerak antolatu ditu; besteak beste, gaur egingo duten Non dago Mikel? filmaren emanaldia.

Guardia Zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’k zuzendutako lana Izar Films-ek eta Ahotsa.info-k ekoitzi zuten, garaiko artxiboko materiala eta eraildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta.

Filmak Donostiako Zinemaldiko Irizar Sariaren epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen 2020an, eta zalaparta handiz heldu zen aretoetara 2021eko otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.

Urtarrilean, Kataluniako TV3 telebista-katean estreinatu zuten, Sense ficció programaren baitan eta 359.000 herritarrek ikusi zuten, %16,1eko ikusle kuota lortuz. Hala,  albistegi edo informazio saioez gaindiko programa ikusiena bilakatu zen. Hautsak harrotu zituen afera horrek; izan ere, urte bereko martxora arte itxaron behar izan genuen Euskal Telebistak pantailan eskaini arte.

Emanaldia Donostian

Zabalzaren erailketaren 37. urteurrenaren baitan, hainbat jarduera prestatu ditu Mikel Zabalza Herri Ekimenak jarduerak antolatu ditu; horien artean, gaur egingo duten Non dago Mikel? filmaren emanaldia. Bidebietako Kontadores zentroan jarri dute hitzordua, 18:30etik aurrera.

Bestalde, Zabalzaren omenezko ekitaldia egingo dute urteurrenaren egunean bertan, larunbatean, Altzako San Martzial plazako Mikelen Txokoan, 12:00etan.