Zuzendaria: Iratxe Fresneda

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria

 

-Denok gara hangoak eta hemengoak-

Iratxe Fresneda irakasle, ikerlari eta zuzendariak bere erregistroaren trilogiaren borobiltzea aurkeztu du Bilboko Zinebi jaialdian, Irrintziaren oihartzunak eta Lurralde hotzak-en osagarri den Tetuán dokumentalarekin, eta hala, beste hainbat ezaugarri eta lurralde komunen artean, foko jeneralistaren idatzietatik aparte geratzen diren istorioen arrastoa pantailaratzea lortu du egile bizkaitarrak.

Tetuán-en bitartez migrazioen inguruko hausnarketa irmo eta boteretsua eraikitzen da, bere osagaien barrenetan bilakaera aldakorra duen pelikula sortuz, azken finean prozesu berdintsuak, nolabait, etengabe ematen direla adierazteko. Hasiera batean ibai ertz batetik ikusitako untzia edo autobus batetako irudiak (bukaeran bere errimak izango dituztenak) azalduko bazaizkigu ere, berehala barneratuko gara, Fresneda beraren ahots apalak gidatzen gaituela, filmaren lehen herena denaren bihotzean: oso gertuko duen norbaiten bizitza kontatzea izandu du xede, Carmelo Fresneda bere aitarena. Kasualitatez azaldutako umetako argazki bat izango da jakinminaren harra martxan jarriko duen sorburua, eta hortik abiatuta murgilduko gara tokiak eta garaiak zeharkatuko dituen abenturan. Espainiako diktadurak Marokon zuen protektoratuaren hiriburu zen Tetuán-en hazia, gizonak azkenik Euskal Herrian aurkitu zuen bizileku. Zendutako aitaren istorioaren eta izan zituen jomuga ezberdinen buru-hausgarria osatu nahiean eratuko du Fresnedak bere kontakizuna, oso landua, argazki eta irudi dokumental ederrez hornitua dagoen heinean. Hau da, hain zuzen ere, pelikulak bere baitan duen aspekturik ederrenetarikoa, nola aitaren irudi izoztuek (argazkilaria zen Carmelo Fresneda) era ederrean osatzen dituzten Fresneda alabaren kamerak harturiko zine une horiek (era adierazkorrean, Tetuango merkatuan bizitzaz beteriko irudiak izoztu egingo ditu zenbaitetan Fresnedak), bi disziplinen arteko (bi pertsonaren arteko) bidegurutzea balira bezala. Kontakizuna, bestalde, zirraragarria da lehen heren honetan, zenbaitetan fantasia puntu gustagarria duenaren sentsazio izateraino.

Aitaren inguruko pasartea era ederrean itxiko da, zuri beltzean ematen den olatu batzuen irudiek kolorea hartzean. Hala egingo dugu aurrera denboraren tunelean mundu garaikidean migratzaile diren bi pertsonaren bizimodua kontatzeko. Mohamed Iacob, Kuban hazitako gazte sahararra eta Irina Conca liponiviar-errumaniar gaztea. Bien istorioan sartu aurretik, edonola, halako disgresio mamitsua egingo du filmak Bidasoa ibai inguruan airetik hartutako plano zabal eta eder batzuen bitartez muga politikoen inguruko hausnarketa eginez, eta bere zentzugabekeria plazaratuz; Mohemed-i “mediku saharar gehiegi dagoela esango diotenean bezala”, bere bizitza ametsak zapuztuz.

Mohamed eta Irinaren istorioetan muntaia paraleloaren bitartez sartuko gara, eta filmak bere tonua aldatuko du, lehen pertsonaren kontakizunaren  pultsu horri jarrera behatzailea gaineratuko baitzaio. Bi protagonista hauek bere bidaia, sentipen eta bilakaera kontatuko dizkigute, bi zatitan banatuta egongo den kontakizunean; bere egungo bizitokian lehenik eta behin eta sorlekura egingo duten sustraietarako bisita bidaian ondoren. Hala, ohikoagoak izango dira pasarte eta plano luzeak, batez ere Irinaren kasuan, ikusiko baitugu bere pasio den pool-dance jardueretan, edo behin Errumaniara bueltatuta, bazkaloste batetako familia solasaldi atseginean. Saharako basamortuan ematen diren eszenek ere indar handia izango dute, hala nola tearen erritualek edo azken pasarteetan basamortuaren duna batetan trabatuta geratzen den autoaren pasarte ederrak (muga natural eta artifizialen inguruko hausnarketa pizteko baliagarri izan daitekeen eszena).

Fresnedak adierazi du pelikularen bizkarrezurra kamerarekin mundua zeharkatu baino lehen buruan zuela. Honek edonola ez dio Tetuán-i inolako freskotasunik kentzen eta migrazioen mapa kolektibo baten ikurra sortzen da, duintasunaren itsasora bere ur emankorrak isurtzen dituzten hiru errelato hauen bitartez.